Lasarte-Oria euskahaldun!

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 22a, 16:27
Lasarteoriatarrek 12:43an zuten lekukoa Errekalden hartzeko hitzordua baina Donostiatik atzerapenarekin iritsi da Korrika eta ordu batak pasatxo jaso dute Muntteri AEK-ko hiru ikaslek lekukoa Añorgako bizilagunen eskutik.

Herritar taldea osatu da Errekalden Korrika noiz iritsiko zain. 20 minutuko atzerapenarekin, hauen babesean hartu dute Muntteri AEKko hiru ikaslek lekukoa. Jarraian, Sorgin Jaiak eta Ernaiko kideek jaso eta esan daiteke, euren eskutik sartu dela Korrika Lasarte-Orian.

Kukukako klown pailazoen txanda izan da ondoren eta antzerki eta dantza eskolako ikasle eta irakasle askok egin dute bat euskararen aldeko lasterketarekin puntu honetan.

Pailazo berezi hauek gidatuta, lekukoa Landaberriko guraso elkarteko kideen eskutara eraman dute. Tajamarreko errotondatik behera, Argia eta Antzako langileak nahastu eta bertan hartu dute lekukoa. Metro batzuk egin ostean, Landaberrikoek jaso dute berriz jarraian elkarte gastronomikoetako ordezkari gazteei pasatzeko, Arrieskalleta, Buruntzazpi, Intza, Lasartearra eta Xirimiri hain zuzen.

Ttakuneko kudeatzaile, Jokin Labayen zain zuten Kultur elkarteko langile eta ordezkariekin. Hauek Pinutegiko aldapari gogotsu ekin diote eta Erketzeko dantzariek maldan gora eraman dute Korrika Ostadarreko tenis eskolako ordezkariei lekukoa emateko. Aldapan behera, abiadura hartu du Korrikak, Zabaletako bizilagunen ordezkari bezala, Beltran familiako hiru belaunaldi ikusi ahal izan ditugu korrika.

Buenos Aireseko aldapan behera, herriko LABeko ordezkariek eraman dute euskararen aldeko lekukoa TSSTko langilei emateko. Udaletxe pareraino eraman dute hauek eta Pablo Barrio alkateak gidatuta, udala osatzen duten alderdi guztietako ordezkariek ibilbidea egin dute Zumaburutik.

Jalguneko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen txanda izan da ondoren, pausoka-pausoka eraman dute hauek txalo artean Aterpeako kideen eskuetara lekukoa. Kamiseta horiak soinean, herriko merkatari eta ostalarien elkartekoek Uribe familiari pasa diote. Santos Uribek Maialen ilobarekin osatu du semearen oroimenezko kilometro hunkigarria.

EAJkoek jarraitu dute ibilbidea eta eskutik-eskura ibili dute kideek Korrikaren lekukoa. Herriko EHBilduren kilometroan, Ina Orotegi eta Kepa Rezabal preso ohiek eraman dute lekukoa.

Tajamarreko errotonda Korrikako protagonistetako bat izan da, aurtengoan hirutan zeharkatu da. Azkenekoz herriko ikastetxeetako ordezkariek lekukoa hartzeko eta beraiekin, atera da Korrika herritik. Hipodromoko zubian zain ziren Usurbilgo Lanbide eskolako ordezkariak.

Korrikak ordu betean osatu du 9 kilometroko ibilbidea Lasarte-Oriatik, herritar askorentzat “bixiegi” aukeran. Herritar ugarik parte hartu du 19. edizio honetan eta beste behin, une hunkigarriak bizi ahal izan dira jendez betetako kaleetan. 

Korrikako argazkien bilduma osatu dugu.