Froilan Elespe zinegotzi sozialista gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 21a, 14:51

Duela 14 urte ETA-k Lasarte-Oriako PSE-EEko zinegotzia hil zuen. Gaur, hilerrian lore eskaintza egin zaio eta jarraian, herriko PSE-EEko kideek sustatutako Froilan Elespe saria eman diete Juan Priede eta Isaias Carrascoren senideei.

Froilan Elespe zinegotzi sozialista gogoan izan dute sozialistek bere heriotzaren 14. urteurrenean. Tomasi Pelaez alarguna eta Andoni eta Josu semeei babesa ematera gerturatu dira hilerrira PSE-EEko hainbat ordezkari. Tartean, Jesus Zaballos eta herriko PSE-EEko zinegotziak, Iñaki Arriola, Miguel Buen, Rafaela Romero edota Jesus Egiguren izan dira.

Lore eskaintza egin ostean, Iñaki Arriolak Froilan Eleperentzat hitzak izan ditu, alor pertsonalean gizon “langile eta apala” zela gogoratu nahi izan du besteak beste.

ETA gabeko lehenengo udal hauteskundeak izango direla ere aipatu du. “Lasarte-Oriako herritarrek beti egin dute alderdi sozialistaren alde, duela lau urte ere alderdi bozkatuena izan zen gurea, hala ere, alkatetza beste batzuek hartu zuten eta Lasarte-Oriako herritarrek merezi ez duten udal gobernu bat izan dute azken lau urteetan. Herria eta herritarren alde ezer ez egin duen udal gobernu bat”. Jarraian, bere babes osoa adierazi dio Jesus Zaballos eta berarekin zerrendan dauden herritarrei “espero dut beti bezala, Lasarte-Oriako herritarrek bere babesa eta bozka PSE-EEri ematea”.

Elespe saria

Hilerriko omenaldiaren ostean, herriko sozialisten egoitzan hirugarren urtez Froilan Elespe sariak eman dituzte.

Jesus Zaballos, herriko PSE-EEren izenean eta Elesperen senideek, Isaias Carrasco eta Juan Priede ETAk hildako Arrasate eta Orioko zinegotzien familiei eman nahi izan dizkiete oroigarriak.

Carrasco familiaren izenean, Sandra alabak hartu du oroigarria Josu Elesperen eskutik eta esker oneko hitzak izan ditu Lasarte-Oriako PSE-EEko kideentzat. Priederen familiak ordea, ezin izan du parte hartu ekitaldi honetan eta Tomasi Pelaez, Froilanen emazteak hartu du oroigarria hauen izenean.