Herriko kaleak koloreztatzen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 21a

Aurreko larunbatean eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuen udalak Margoketa eguna. Osteguna jai eguna zela baliatuz, heldu zein haurrek ez zioten hitzorduari hutsik egin.

Herriko pareta ezberdinetan herriko artistek euren muralak margotzeko aukera izan zuten ostegunean. Horien artean, Dorre parkekoa, herriko haurrek koloreztatzeko prestatu zen eta bertan aritu ziren adin ezberdinetako gaztetxoak atsedenik hartu gabe mural dotorea kolorez janzten.

Lehiaketara aurkeztutako 22 zirriborroen artean, aurrez aukeratutako herriko bost artistek euren muralak margotzeko aukera izan zuten eta horien artean saria zeinek eskuratuko du erabakiko da. Bestalde, Antxota, herriko artisten elkarteko kideek kale Nagusian egin zuten euren murala.

Margoketa saioarekin pozik azaldu ziren artista eta parte hartzaileak.

Ekimen  hau ‘Biziberritzen’ proiektuaren barruan kokatzen da eta Udalaren helburua, esku-hartze artistikoen bidez udalerria "alaiago eta erakargarriago" bihurtzea da.