Badator Korrika!

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 21a

Igandean martxoaren 22an 12:40ean iritsiko da Korrika Lasarte-Oriara. Hau dela eta Muntteri Euskaltegiak hainbat ekitaldi antolatu ditu asteburu osoan zehar herriko elkarte eta talde ezberdinen laguntzarekin, tartean Ttakun KE. Asteazkenean egin zuten herrian zehar txikienek Korrika eta igandean izango da egun handia. Ekintzak ordea ez dira igandera mugatuko eta gaur ere izango da aukera Korrikaren inguruan sortzen den jai giroaz gozatzeko.

Igandean iritsiko da Korrika Lasarte-Oriara eta aurreko asteburuan Korrika Kulturalaren ekintza nagusiak izan ziren arren, aste honetan kalean nabari da badatorrela 19. Korrika. 
Aurreko ostiralean egin zen aurkezpena Manuel Lekuona kultur etxean eta bertan kilometroa erosi duten herriko elkarte eta eragile guztiek jaso zuten euren petoa eta lekukoa non hartu beharko zuten jakin zuten.

Asteazken goizean, ohi bezala Korrika Txikiak aurre hartu zion Korrikari eta herriko kaleetan barrena, herriko bi ikastetxeetako ikasleak aritu ziren lekukoa eskutik-eskura pasatzen. 
Asteburu honetan berriz,  asko izango dira ekintzak Korrikari ongi-etorria egiteko. Igandean bereziki, egun osoko jaia aurreikusten dute antolatzaile eta laguntzaileek.

Ibilbidea
Aurreko edizioan, Zubietatik etorri eta Urnieta bidetik joan zen Korrika. Aurtengoan ordea, Donostian itzulia emanda sartuko da 19. Korrika Lasarte-Oriara igandean. 
Errekaldeko errotondan Muntteri AEK euskaltegiko kideek hartuko dute lekukoa herrira ekartzeko. Jarraian, lasterka egingo dute: Sorgin Jaiak-Ernai, Kukuka Dantza eta Antzerki Eskola, Landaberri Guraso Elkartea, Elkarte Gastronomikoak (Intza, Xirimiri, Buruntzazpi, Lasartearra, Arrieskalleta), Argia eta Antza, Ttakun Kultur Elkartea, Ostadar SKT eta Erketz EDT, Zabaleta Auzoa, LAB sindikatua, TSST autobusak, Lasarte-Oriako Udala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Aterpea Merkatarien elkartea, Imanol Uriberen familia, Lasarte-Oriako EAJ-PNV, EH Bilduren udal taldea eta herriko ikastetxeak. 

Aurtengoan hiru aldiz pasako da Korrika Tajamarreko errotondatik eta ibilbideak ohi bezala, erdiguneko kaleak hartuko ditu eta Zabaleta zein Oria auzoetatik ere igaroko da. Esan bezala, Errekaldeko errotondatik herrira iritsiko da Korrika, Sasoetatik Lanbide parera joango da Pintore Kalera, eta Tajamarrerantz. Bueltan Goiegi bidea hartu eta Pinutegitik Zabaleta auzoa zeharkatuko du Buruntza kaleraino jaitsita. Udaletxera iritsita, Zumaburuko elizara abiatuko da Korrika, Txarteleko errotondaraino, Kale Nagusitik buelta egingo du berriz ere, Euskotreneko errotondaraino eta bertatik Hipodromoko zubira joango da. Azkenean, Hipodromoko Zubian pasako zaie lekukoa Zubietako bizilagunei eta pixkanaka bidea egiten joango da Korrikako tropela Urepelen hilaren 19an hasitako bidea Bilbon amaitu dadin martxoaren 29an. 

Egitarau oparoa
Dena den, asteburu guztian zehar izango da egitarau berezia. Gaur larunbata goizeko 10:00etan mendi buelta egingo da herritik Ostadarreko Mendi taldearen eskutik. 18:00etan Kukuka antzerki eta dantza eskolakoen esku, kale antzerkia egingo da Okendon. 19:00etan triki-poteoaz gozatzeko aukera izango da erdiguneko tabernetatik eta ostean, 22:00etan parranda nahi dutenentzat, kontzertuak izango dira Okendon. Oholtzan izango dira Skaleak eta Odolaren Mintzoa taldeak.

Igandean jai giroa izango da nagusi. Goizeko 9:00etan diana joko dute herriko txistulariek kaleetan barrena. 10:00etan kantu-jira burutuko dute Alboka abesbatza eta Xumela Koruko kideek. 
11:30 inguruan, Okendon bertan beroketa saio jendetsua egin nahi dute antolatzaileek. Honetan aerobik ariketak egiteko aukera izango dute herritarrek Korrikak herritik egiten dituen kilometro guztiak korritzeko gorpu-tza behar bezala prestatu dezaten.

Aterpeako tabernek pintxo berezi bat egingo dute Korrikarako eta Pintxo-Korrika egiteko aukera izango dute herritarrek ere, taberna ezberdinek prestatutako pintxo horiek dastatzeko. 
12:15ean Okendotik Atsobakarrera kalejira egingo da Korrikari bertatik ongi etorria emateko. Han ere azken luzaketak egiteko aukera izango da. 12:40ean Errekalden hartuko dute AEK Muntteri euskaltegiko kideek lekukoa herrira ekartzeko. Dena ondo bidean, 14:30etarako Korrika herritik aterako da eta bazkari herrikoiari hasiera emango zaio Okendon. 

Bazkalostea girotzeko kantu saioa izango da eta jarraian, familien arteko joko eta jolasak egongo dira plazan bertan Ostadarrek antolatuta. 

18:00etan dantzarako tartea izango da Ttakunek antolatutako erromerian. Ttirriki-Ttarrakakoek jarriko dute musika eta zenbait dantza gidatzen arituko da Jabi Fernandez de Lezea plaza dantzako irakaslea.
Bestalde, bazkari herrikoian parte hartu nahi dutenek, aurrez txartelak eskuratu beharko dituzte. Jalgi eta Ilargi tabernetan daude salgai. Helduena 12 eurotan eta haurrena 5ean.

Helduek babarrun-jan ederra egiteko aukera izango dute, babarrunak bere sakramentu guztiekin zerbitzatuko dira eta haurrentzat berriz, makarroiak haragi bola eta tomatearekin prestatuko dira. 
Sukaldari lanetan arituko dira Buruntzazpi, Lasartearrak, Intza eta Xirimiriko bazkideak. 

Txintxarri.eus-en informazio guztia
Txintxarrik asteburu osoan zehar jarraipen berezia egingo du eta txintxarri.eus atarian aurkitu ahal izango dituzue argazki eta bideo guztiak. Asteleheneko zenbaki berezian ohi bezala, Korrikak utzitako momentu onenak jasoko ditugu