Saiatuz Triatloi Taldea aurkeztu dute

jon-altuna-egitegi 2015eko martxoaren 19a

Hiru kirol modalitate bakarrean biltzen ditu triatloiak. Bakoitzak bere aldetik eskatzen duen lanarekin nahikoa ez, eta igeriketa, bizikleta eta korrika egiten dute proba berean kirolari ausart hauek, distantzia ezberdinetan. Lasarte-Orian ere badira culloteak, bainujantziak eta zapatilak armairu edo kaxoi berean nahastuta gordetzen dituztenak. Saiatuz Triatloi Taldeko kideak dira, triatletak. Egun, hogei bat lagun dira denera eta pixkanaka gora dator taldea, kirola bera bezalaxe.

Herriko lehen triatloi taldea 2006. urtean sortu zen Lasarte-Oriako Igeriketa Elkartearen eskutik. Ordutik urte oparoak eta baxuak izan zituzten, kluba desagertu egin zen arte, baina gaur egun 20 laguneko koadrila osatzea lortu dute. Saiatuz Triatloi Taldearen izenpean batu dira, MKL txirrinda dendaren babesarekin. “Herrian talde bat izan bazegoela bagenekien, baina gero jendeak triatloia bere kaxa egiten zuela ikustean erabaki genuen taldea indartzea”, aipatu dute Saiatuzeko kideek.

Imanol Arteaga, Eñaut Fdez De Lezea, Ramon Altuna, Gema Oreja, Noemi Montero, Amagoia Fdez De Lezea, Javi Lopez, Andoni Salsamendi, Kote, Ramon Altuna, Zigor Gallardo, Iñigo Valdivia, Leo Juarez, Enaitz Ibarburu, Pablo Ucero, Miguel Angel Fernández, Peio Fadrique, Juan Mari Ansa, Jabi Alonso eta Asier Gorostegi dira taldeko kideak. Ez dira nazioarte mailako Mario Mola, Gwen Jorgensen, Ainhoa Murua edo Brownlee anaien mailara ailegatzen, baina ilusioari dagokionez hortxe-hortxe ibiliko dira.

Triatloi egutegia
Maiatza aldera hasiko dira probak, eta nahi duenak denboraldia irailera arte luzatzeko aukera izango du. Tartean Euskal Herriko Zirkuituko lasterketak lehiatuko dituzte gehienbat, baten batek Iruñeako Iron Man Erdia, Bartzelonako 70.3 Triatloia, Onditz proba, Bilboko Iron Man Erdia... ere egingo dituen arren. Eta nola ez, Zarauzko Triatloia. Taldeko sei kidek egingo dute inguruko probarik entzutetsuena.
Gainera, kros herrikoiak, igeriketa trabesiak eta proba zikloturistak ere uztartuko dituzte herritarrek triatloi denboraldiak iraun bitartean.

Talde giroa
“Whatsapp talde bat badaukagu sortua komunikatzeko, astean zehar bakoitzak ahal duen neurrian egiten ditu entrenamenduak, baina behin asteburua iritsita gehienetan bizikletaz elkarrekin ibiltzeko geratzen gara”, diote Saiatuzeko kideek.

Entrenatzeko eta ondo pasatzeko dagoen kirolik “entretenigarriena” dela esan dute: “Asko jota, astean hiru aldiz entrenatzen duzu igeri, hiru aldiz korrika eta hiru aldiz bizikletan. Horrekin jada bederatzi entrenamendu sartzen ari zara zazpi egunetan. Asko ematen du, baina hiru kirol ezberdin direnez gorputza eta batez ere burua ez dira hainbeste nekatzen”. 

Buruhauste gehien ematen diena bakoitzaren lana triatloiarekin bateratzea da. “Guztia bezala, errutina batzuk hartu eta antolatzea da sekretua”. Dena den, ondo pasatzeko tarterik ere bada kirol honen inguruan, “afariak egiteko geratzen gara, pote batzuk hartzeko... Giro ona daukagu”. Herrian triatloia egiteko interesa duen norbait bada, 667 680 490 zenbakira (Ramon) deitzeko eskatu dute Saiatuzeko kideek.