Euskararen alde Korrika

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 18a, 14:13
None
11:20ak aldera hasi da Korrika txikia. Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko txikiak izan dira lekukoa eraman duten lehenengoak eta urduri eman dituzte lehen pausoak bide bazterretan pilatutako gurasoen txaloen artean.

Tipi tapa, tipi tapa Kale Nagusitik Beko kalera egin eta LH-ko gazteek egin dute Kalbario bideko aldapa. Sasoetako ikastetxe ondoan eta Andatza plazara sartu baino lehen egin dituzte beste bi lekuko aldaketak eta Tajamar errotondara iristean lekukoa eman diete Landaberri ikastolako gaztetxoei.

Haur txikiek eta gazteek ere ederki mantendu dute Korrika txikiko erritmoa.

Hauek Donostia etorbidetik Atsobakar auzora egin dute eta honetan eskolako txikiek eman diote ongi etorria euskararen lasterketari.

Garaikoetxea eraikinetik pasata, Donostia etorbidea eta Hipodromo etorbidetik egin du Korrika Txikiak. Pablo Mutiozabalen Landaberri BHI-ko gazteek hartu dute lekukoa eta lasterketak erritmoa hartu du. Pintore kalea, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaleak egin eta Uistin kaletik ibai aldera eta Blas de Lezotik berriro Geltoki kalera Okendo plazan amaitzeko.

Plazan Ttirriki-Ttarrakakoek Korrikako hainbat abesti eta doinu dantzagarriak jo dituzte plazan bildutako haur, gazte eta irakasleak dantzan jarriz. Korrika txikiarekin hasiera ematen zaio jai giroari gurean izan ere, asteburuan hainbat ekintza berezi izango dira Korrikaren etorrera ospatzeko.

Korrika txikiaren irudi guztiak hemen dituzue ikusgai.