Ikasturteko azken txanpan sartuko gara aurki eta hainbat ekintzek ere ikastetxeen antzera kurtsoko azken hilabeteak dituzte, hala nola, Kuadrillategi egitasmoak.
Lasarte-Oria, Oiartzun, Lezo eta Pasaiako gazteekin ari dira lanean proiektu honetan. Ikasturteko azken hilabete hauek indarrez hartu eta egitasmo honetan parte hartzen duten gazteek elkar ezagutu eta loturak sor ditzaten KTG eguna antolatzen dute.
Iaz Trintxerpen ospatu bazen ere, aurten Lasarte-Oriaren txanda izan da, Landaberri ikastolako Zubietako egoitzan, hain zuzen ere. Landaberri ikastolara iristean harrera beroa izan zuten gazteek. Harremanetan jarri eta elkar ezagutzeko jolasak egin zituzten.
Konkis berezia
Ostean, goizean zehar aurrera eramango zuten ekintza berezirako, Konkis berezia, taldeak osatu zituzten. Hauetan herri ezberdinetako gazteak zeuden. Taldeek Kuadrillategiko arduradunek prestatutako frogak gainditu behar izan zituzten 10 gune ezberdinetan.
Guneetan bi talderen buruz burukoa ikusi ahal izan zen. Norgehiagoka hauetan taldeko kideen sasoia, matematika maila, oreka, trebezia edo punteria neurtu zituzten.
Erronka bakoitza burutu ostean, taldeek arratsaldean azken frogan erabiltzeko materiala batzen joan ziren. Bapo bazkaldu ostean, Konkiseko final handiari eman zitzaion hasiera eta azken froga burutu behar izan zuten, baina ez zen hau izan KTG eguneko azken ekintza. Photocall-a eta dantzaldi berezia ere antolatu baitzituzten egunari amaiera martxa handiarekin emateko.