Neurketa berdindua izan zen, gogorra 22. tantora arte. Orduantxe islatu baitzuen azken berdinketa Irurako trinketeko markagailuak. Hortik aurrera, villabonarrak izan ziren jaun eta jabe. “Ezin izan genuen ezer egin, partidua ahalik eta txukunen amaitu besterik ez”, azaldu du Jose Felix Solano Intzako entrenatzaileak.
Dena den, Aritz Solano lasarteoriatarraren lana aipagarria izan zen. Seniorretako lehenengo urtean azpitxapeldun izatea lortu baitu.
GRAVNI txapelketa
Bestalde, Axier Arteaga, Aritz Solano eta Mikel Landa Intzako pilotariak Gipuzkoako selekzioak hautatu ditu Nafarroaren aurka jokatzeko. Arteagak atzo Atano IIIan jokatu behar zuen, baina min hartuta jokatzeari uko egin zion. Solano eta Landa berriz, Irurako trinketean aritu ziren, 40-32 galdu zuten herritarrek.
Datozen asteetan parean izango dituzte Errioxa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko pilotari onenak, Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenetako batean. Intzako mutilak ahalik eta lan txukunena egiten saiatuko dira Herriartekoari begira sasoi puntu ona harrapatzeko.