Amalur musika eskolako gazteen trikitixa eta panderoen doinuek eman diete ongi-etorria Manuel Lekuonako aretora hurbildu diren dozenaka herritarrei, euren jezarlekuetan kokatzen ziren bitartean. Ostean, behin ikus-entzule denak eroso jarrita, Txalagoreko txalapartariek eta Erketz Dantza Taldeak agur berezi batekin eman diote hasiera arratsaldeko ekitaldiari. Musikarekin jarraituz, Xumela abesbatzako kideek ere oholtzan kantatu dute hainbesteko ikusmina sortzen duen moda desfilearen aurretik. AEKko ikasleek eta Kuadrillategi eta Gazte Klubeko gaztetxoek primeran pasatu dute Korrikako material ezberdina herritarrei erakutsiz. Eta batek baino gehiagok txukun asko desfilatu du, horretarako dohainak badituela argi utziz.
Umorearentzat ere izan da tarterik. Kukukako Uxue Loinaz, Intza Alkain eta Enara Ieregi ‘atsuek’ Korrika egin aurreko beroketak direla eta ez direla, barre algara batean jarri dute Manuel Lekuona. Hiru atso maitagarriei segida emanez etorri da arratsaldeko momentu garrantzitsuena, kilometroen banaketa. Banan bana herrian erosi diren 18 kilometroen jabeei petoa banatu diete Muntteri AEKko kideek eta talde-argazkia atera dute, ibilbidearen mapa atzean zutela, oroimenerako.
Arratsaldeko saioak iraun bitartean Edu Galardi, Isa Fernandez Agirre eta Axular Iparragirreren Korrika 18ko bideoak proiektatu dituzte pantaila handian eta Ane Labaka eta Lierni Rekondo bertsolariek jarri diote azken puntua saioari Korrikaren bidea, euskararena, "egunerokoan" egin behar dela azpimarratuz.
Maider Segurola Euskadi Irratiko esatariak egin ditu aurkezle lanak ostiral ilunabarreko saioan eta Olatz Urdanpilleta eta Garazi Zinkunegi AEKko kideek datozen egunetan egingo diren ekintzak zein izango diren gogorarazi dizkiete herritarrei, bertan parte-hartzeko gonbitea luzatzearekin batera.
Aurtengo kilometroak
Donostian itzulia emanda sartuko da 19. Korrika gurera. Errekaldeko errotondan Muntteri AEK euskaltegiko kideek hartuko dute lekukoa. Jarraian lasterka egingo dutenak honakoak: Sorgin Jaiak-Ernai, Kukuka Dantza eta Antzerki Eskola, Landaberri Guraso Elkartea, Elkarte Gastronomikoak (Intza, Xirimiri, Buruntzazpi, Lasartearra, Arrieskalleta), Argia eta Antza, Ttakun Kultur Elkartea, Ostadar SKT eta Erketz DT, Zabaleta Auzoa, LAB sindikatua, TSST autobusak, Lasarte-Oriako Udala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Aterpea Merkatarien elkartea, Imanol Uriberen familia, Lasarte-Oriako EAJ-PNV, EH Bilduren udal taldea eta herriko ikastetxeak. Hipodromoko Zubian pasako diete lekukoa Zubietako neska-mutilei eta pixkanaka bidea egiten joango da Korrikako tropela Urepelen hilaren 19an hasiko duen bidea Bilbon amaitu dadin martxoaren 29an.