Pello Urizar eta Xabier Isasi Euskal Bideaz arituko dira

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 13a, 13:20

Lasarte-Oriako EHBilduk Pello Urizar legebiltzarkidea eta Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta Xabier Isasi legelbiltzarkidea gonbidatu ditu. Datorren asteartean, hilak 17, arratsaldeko 19:00etan Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan, ‘Euskal bidea’ proposamen berria aurkeztuko diete herritarrei kafe bat hartuz. Saioa gidatzen Ixiar Arteaga irrati esataria arituko da.

Erabakitze eskubidea oinarri izango duen "prozesu eratzailea" Euskal Herrian abian jartzeko "eskaintza politikoa" egin zioten euskal jendarteari EH Bilduk eta EHBAIk urtarrilaren 24an FICOBAn eginiko aurkezpenean. 

“Jendarte-justizia eta burujabetza osoa jasoko dituen Euskal Estatua denon artean sortzea da helburua, egitasmotzat ez ezik, jarraibidetzat hartu behar dena. Euskal Estatua ez baita beti urrun ikusi beharreko eta inoiz zehazten ez den ametsa, arian-arian eraiki behar dugun helmuga egingarria baizik”, adierazi zuten Txanpi Baztarrika, Kristina Bernal eta Nerea Sanchez EHBilduko kideek atzo arratsaldeko prentsaurrekoan. 

“Prozesu eratzaile propioa” abian jartzea da asmoa, Espainiako eta Frantziako estatuek aplikatzen dituzten “inposizio eta mendekotasun sistema” guztiekin amaitzeko “aukera bakarra” dela uste baitute EHBilduko kideek.

“Gure herriak estatu propioa behar du eta askatasun osoa lortzeko aukera historikoa sortu da, sortarazi dugu. Aukera historikoa baliatzeko erronka dugu esku artean, euskal herritarrok gure bide propioa egitekoa, inoren zain egon gabe. Euskal Herriak independentzia helburu duela, autoeraketa ibilbide demokratikoan eta era partekatuan egiteko erronka. Beraz, gaurtik hasita, bidearen etapa horri heltzeko garaia heldu da”, esan zuten. 

Kafe bat hartuz
Elementu guzti hauen eta proposamen berri honen inguruko informazioa gertutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek bihar EH Bilduk martxan jarri duen ‘100.000 mila kafe’ zabalpen kanpainaren bitartez.

Formatu berezi honen bidez, Pello Urizar eta Xabier Isasirekin batera mahai inguruan kafea hartuz, modu zuzenean galdera eta zalantzak argitzeko parada izango dute bihar lasarteoriatarrek. Gai-jartzaile lanetan Ixiar Arteaga irrati esataria arituko da. Berak gidatuko du Villa Mirentxun 19:00etatik aurrera hasiko den saioa.