Koadroaren horma

Herri guztietan izaten dira txoko eta toki bereziak, zein jendeak maite dituen elkarrekin geratzeko, paseatzeko, kafe bat hartzeko, edo, korrika egiteko. Denboraren poderioz, erreferente bilakatzen dira, nahiz eta leku xarmant edo politak ez izan.

Gure herrian ere bada horrelako gune bat. Ez da bereziki toki erakargarria, baina badu zerbait aurretik pasatzean jendea bertan gerarazten duena, hari begira, tentu eta adi.

San Pedro elizako sarrera nagusiari buruz ari naiz.  Sarrerako horman hildako herritarraren eskela  ipintzen dute koadro batean horman il-tzaturik, eta inor gutxi izaten da ondotik pasa, eta burua bertara jiratu edo geratzen ez denik. Nahikoa da minutu erdi bat geratzea, norberaren argazkia ez dela ziurtatu eta alboan koadroari begira nor ez duzun berriz izango ikusteko. 

Koadro batean horman iltzaturik, erakusgai, garrantzia eman nahirik. Herriak ikus dezan nork utzi duen bizitza hau beste batera pasatzeko, horixe baitugu gure kulturan errotuta. Heriotza, gertakari bat delako, gertakari sozial bat. Zenbat heriotzen berri ematen digute egunean zehar? 

Gurean, eliza kristauak hartu ditu bere gain heriotzaren ondorengo ohiturak, eta bereak egin ditu eskelen arau eta erritualak ere. Elizak, hildakoen omenez egingo den elizkizunaren berri ematen du, helburu batekin, noski, eliza betetzearena , alegia. 

Ohiturak ohitura, nik badaezpada ez nioke hormako koadroari begiratzeari utzi nahi, eta zuek?