Urchueguiaren aurkako salaketa onartu du epaileak

maider-azurmendi 2015ko mar. 10a, 22:16
Ohiko udalbatzarrean alkateak jakitera eman du Ana Urchueguiaren aurka abenduan udalak aurkeztutako salaketa tramitera onartu egin duela Donostiako instrukzioko 3. epaitegiak “delitu zantzuak” daudela argudiatuta. Orduan alkateak azaldu zuenez, diru publikoen prebarikazio eta bidegabeko ustezko erabilpenagatik jarri zitzaion salaketa Ana Urchueguia alkate ohiari.

Plenoa bukatzear zela, Pablo Barrio alkateak Donostiako instrukzioko 3. epaitegiak Ana Urchueguiaren aurka jarritako salaketa tramitera onartu egin duela jakitera eman du.

Legegintzaldi berrian EHBildu, EAJ eta LOHP-ek gaia aztertuko zutela agindu zuten eta adituen iritzi eta azterketa ezberdinen ondorioz, abenduan aurkezten zen epaitegitan Ana Urchueguiaren aurkako salaketa "diru publikoen prebarikazio eta bidegabeko ustezko erabilpenagatik".

Pablo Barrio alkateak epaileak igorritako autoaren zati bat irakurri du udalbatzarrean. Gainontzeko alderdiek plenoan bertan izan dute honen berri eta ez zegoen gai zerrendan aurreikusita. Hain zuzen, hori izan da PPko Vanessa Velezek alkateari aurpegiratu diona.

Ana Urchueguia alkate ohiak idatzian jasotzen denez, “inputatu bezala joan beharko du epailearen aurrera”.

EAJko Estitxu Alkortak alkateari epailearen idatziaren zati bat irakurtzeko eskatu dio “urte asko izan dira irregulartasunak salatzen eta azkenean, epaile batek delitu zantzuak ikusi ditu. Bide luzea izan da”.

Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaileak esan du, gai honen inguruan ez zaiola oposizioari informatu, “udalaren izenean aurkeztutako salaketan zer jasotzen den ez dugu jakin, nahiz eta galdetu eta orain, ohiko batzarrean, aurrez ezer jakin gabe, honen berri eman zaigu. Ez zaigu bide egokiena iruditzen”.

Gaineratu du, “zuzenbidean ezagutzak edukita, esango nuek hobe dela inputatu bezala joatea, lekuko bezala deitua izatea baino. Hala ere, esan behar da tramitera onartzeak ez duela ezer esan nahi. Lehenengo pausoa besterik ez dela argi utzi behar da”. Zaballosek gaineratu du “epaileak Ana Urchueguia errundun dela frogatu eta erabakitzen badu, egindakoagatik ordaindu beharko du”. 

Aurreikusitako gaiak

Gai zerrendarekin ekin zaio ohiko udalbatzarrari. Honetan hainbat kontu emate, eskaera eta mozio izan dira hizpide. 2015. urtean egin diren kreditu aldaketen berri eman da, baita 2014. urtean udal kontu hartzaileak bideratu dituen erreparoak ere.

PSE-EEk batzar informatiboetako kide berrien berri eman du eta bi mozio aurkeztu ditu, bata Correoseko langile murrizketaren aurkakoa eta bestea, Aterpea merkataritza elkarteari lokala lagatzekoa. Correos-en pribatizazioaren aurka agertu eta plantillan egindako %25eko murrizketa salatzea eskatu du Zaballosek, langileei babesa azaldu nahi izan diete honen bidez ere. PPren abstentzioa izan da baina gainontzekoek alde bozkatu dute.

Bestetik, Aterpeari Gambo kaleko OMIC-en bulego zaharra uztea eskatu behar zuen Zaballosek baina mozioa bertan behera utzi du.  

Lasarte-Oriako Podemos-Ahal Dugu alderdiak ere mozio bat aurkezteko aukera izan du, Kutxabanki Oria auzoan kutxazain bat jartzeko eskatuz. Honetan azpimarratu dute Oriako bizilagunen aspaldiko eskaera dela kutxazain automatikoarena. Udalak dagokion batzarrean honen berri ematea eskatu dute baita, Oriako bizilagunek aukera dezaten non nahi duten hau. Zaballosek esan die Kutxabank bihurtuta, eskualdekako asanblandak desagertu direla eta eskaera bideratzeko beste zerbait proposatzeko. Horrela, Podemoseko kideek bertan behera utzi dute mozioa aurrerako aurkezteko.

Udal Gobernuko kideek bestalde, aldaketa eskaerak egin ditu, hala nola Atsobakar egoitzaren kudeaketa eskualdatzeari buruzko hitzarmenaren aldaketa edo hiru lanposturen hizkuntza-eskakizun eta derrigortasun-datena. Biak onartu dira.

Honetaz gain, Udal langileen hizkuntzazko prestakuntza arautzen duen ordenantzaren puntu bat moldatzea ere aztertu eta onartu egin da. Ana Urchueguiaren gaiak sortutako zalapartaren ostean, plenora bertaratutako herritarrek hartu dute hitza. Sasoeta-Zumaburuko gurasoek eskolan dauden hezetasun “larriak” salatu dituzte eta Ana Prietok gaia aztertzen ari direla erantzun die.