Margoketa eguna aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 10a, 14:10
Datorren martxoaren 14an, larunbatean, Lasarte-Oriako Udalak Antxota artista-elkartearekin batera margoketa-eguna antolatu du. Goizeko 10:00etan hasiko da, eta udalerriko hainbat lekutan mural-margotzeak egingo dira, antolatzaileen hitzetan horma degradatuak "txukuntzeko" eta Lasarte-Oria kolorez "janzteko" helburuarekin.

Egun hau ‘Biziberritzen’ proiektuaren barruan kokatzen da eta Udalaren helburua, interbentzio artistikoen bidez udalerria "alaiago eta erakargarriago" bihurtzea da. Modu horretan, herritarrak udalerrian barrena ibiltzeko joera sustatu eta herriko komertzioetan “positiboki” eragin dezan.

Asteartean prentsaurrekoa egin zuten Antxota artista elkarteko Maria Llanosek eta Jose Gonzalezek, Julian Tokero eta Cesar Marcos herriko artistek, Gorka Lizarraga zinegotziak, Porrotx pailazoak eta Amaia Illarreta proiektuaren bultzatzaileak. 

Larunbatean, ekintzak

Duela hilabete martxan jarritako mural lehiaketako finala egingo dute larunbatean. Hain zuzen, udalerriko hainbat artistek, Antxota elkarteak, Aterpea merkatari elkarteko ordezkari batek eta Guztion Lasarte-Oria proiektuaren teknikari dinamizatzaileak osaturiko epaimahaiak  bost finalista aukeratu zituen aurreko astean, aurkezturiko 22 zirriborroen artean. Larunbatean, udalerriko puntu ezberdinetan beraien lanak gauzatuko dituzte artistek.

Gainera, haurrek parte-hartzeko saio bat ere izango dute, Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren esanetan, “herrigintza eta artea hezkuntza mailan lantzeko asmoz”.

Haurrentzat aukera

Torre Parkeko (ahateen parkea) atzealdean kokatua dagoen horman mural erraldoi bat margotuko dute herriko txikienen laguntzarekin.

Leku berean, margotzeko tailerrak ere antolatuko ditugu haurrentzat Ttakunen laguntzarekin eta artista sena txikitatik pizteko asmoz hainbat jolas izango dira bertan. Porrotx eta Marimotots pailazoak ere etorriko baitira margotze lanetan laguntzeko asmoz. Erabiliko diren margoak ez dira erraz garbituko eta, beraz, zikintzeko beldurrik gabe ibiltzeko arropa ekartzeko eskatzen die Udalak herritarrei.

"Herritar guztiak gonbidatuta zaudete festara eta artista hauen lanak ikustera. Bereziki, parte hartu nahi duzuen guraso eta haur guztiak gonbidatuta zaudete larunbatean goizeko 10:00etatik hasita Dorre parkean egingo den mural-margoketan parte hartzera", adierazi dute prentsaurrekoan.

Azkenik, Antxota herriko artista elkarteak kale nagusiko horma handienetako batean bere murala egingo du goiz osoan zehar, "gure onena ematen saiatuko gara, herriko artiston lana islatuta geratu dadin", adierazi dute elkarteko kideek. Eta guztia girotzeko, Dinbi Banda batukada taldeak kalejira egingo du herrian zehar.

"Margoketa eguna herriaren islada izatea nahi dugu, herriak duen kolore hori herriko paretei eman nahi diegu, adin mugarik gabe, denek duzue tokia Lasarte-Oria 70 kultura dituen herria alaitzeko", adierazi du Porrotxek.

Egitaraua

Martxoak 14, larunbata, 10:00etan:

  • Mural-lehiaketaren hasiera.
    • Kalbario Bidean.
    • Uistin Kalean
    • Zumaburuko elizaren plazan
    • Juan XXIII.a Plazan.
    • Landaberri DBH ikastetxeko plazan.
  • Antxota artista-elkarteak mural-margotzea.
    • Kale Nagusia 29 (Arkupe tabernaren parean)
  • Haurrekin parte-hartze bidezko mural-margotzea.
    • Torre Parkean (ahateen parkean)
    • Ttakunekin haurrentzako tailerrak.
    • Porrotx eta Marimots

12:30-13:30: Dinbi Banda batukada herriko kaleetan.