Erorketak ekiditeko tailerra Biyak Bat-en

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 10a

Erorketak 64 urtetik gorakoen artean lesioak sortzen dituen arrazoi nagusi dira. Azken datu epidemiologikoen arabera, adin talde honetako pertsonen erdia, urtean behin gutxienez, erori egiten da; baina erorketen ondorioak ez dira soilik fisikoak, psikologikoak eta sozioekonomikoak ere izaten dira.

Arazo horren garrantzia kontuan izanda, Udalaren Gizarte-Zerbitzuetako Sailak eta Kirol Sailak, Osakidetzako Osasun Zentroarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean, erorketak eta horien ondorioak saihesteko helburuarekin tailer batzuk antolatu dituzte 64 urtetik gorakoei eta horien familia edota zaintzaileei zuzenduak.

Saio teoriko-praktiko bat egingo da martxoaren 11an, Biyak Bat Jubilatuen Etxean, 18:00etan. Tailerrean besteak beste, erorketen zergatia eta horiek saihesteko zer egin dezakegun, bizimodu osasuntsu bat izatearen eta ariketa fisikoa egitearen garrantzia, edo gure esku dauden laguntza teknologikoak (teleasistentzia) zein diren ezagutzeko aukera izango da.

 Doakoa da eta aurretik izen ematea komeni da Osasun-Zentroan bertan edo 943 007960 zenbakira deituta.