Carlos Rosat (flauta), Mario Telenti (pianoa) eta Tomas Ruti (ahotsa eta fagota) herritarren eskutik, musika eta poesia errezitaldia izan da gaur eguerdian, Atsobakar egoitzan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak dira hirurak, eta doan eskaini dute Danok Kidek antolatutako emanaldia. Besteak beste, Marin Marais, Luis Vázquez del Fresno, Ruben Darío, José de Olaizola, Josep Maria Guasch eta Andrés Ysasi autoreen obrak eskaini dituzte herritarrek giro goxo eta intimoko kontzertuan.
Ikusleek Rosat, Telenti eta Ruti musikarien lana estimu handitan jaso dute eta herriko edadetuek eta familiek goiz polita pasa ahal izan dute piano, fagot eta flautaren doinuak entzunez.
Momentu berezia ere izan da hasieran. Musikariek emakumeei eta batez ere, Rosario Galani, 103 urte betetzen ditu gaur, abesti bat eskaini diete eta.
X. Musika Topaketak
Bestalde, martxoaren 13an, ostiral honetan, Francisco Escudero kontserbatorioko gitarra ikasleek kontzertua eskainiko dute Brigidatarren komentuan, arratsaldeko 19:30ean hasita.
Eguzki Aginagalde, Ilazki Aginagalde, Paul Urtiaga, Iñigo Caballero, Cristina Borda, Marcin Kawka, Paula Brotons, Nuria Culla eta Iosune Marin gitarra-jole gazteek hainbat obra interpretatuko dituzte.
Besteak beste, J.S. Bach, F. Tárrega, A. Barrios, H. Villalobos, H. Newsidler, J. Van Hausen eta F. Schubert maisuen lanak joko dituzte.
“Francisco Escudero kontserbatorioko gitarra ikasleek interpretatuko dituzten obrak instrumentuaren errepertorioko etapa ezberdinetakoak dira. Modu honetan, XVI. eta XVII. mendeko laute eta bihuela sokazko instrumentuentzat egindako obrak joko dituzte. Era berean, autore klasikoak entzuteko aukera ere izango da. Bakarlariez gain, duoak, hirukoteak eta gitarra laukoten lanaz gozatzeko aukera ere izango dute lasarteoriatarrek”, adierazi dute antolatzaileek.
Danok Kideko lagunek kontzertu ederra izango dela uste dute, eta eurek antolatutako emanaldiak azken aldian izaten ari diren harrera beroa errepika dadin nahi dute.