Emakumeen eskubideen aldarria

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 8a

Emakume langilearen nazioarteko eguna ospatzen da gaur mundu mailan. Lasarte-Orian egun hau gogoratzeko egitarau anitza izan da azken astean, antzerkia, hitzaldia, gazteen hausnarketa. Adin, zein genero ezberdinetako lagunek parte hartu edo gozatu dute ekintza hauetaz. Elkarretaratze eta argazki-marrazki mural batekin eman zaie gaur amaiera ekimenei.

Okendo plaza izan da Emakume langilearen eguna aldarrikatzeko gunea. Hainbat ekintza burutu dira martxoak 8ko egunaren egitarauari amaiera emateko. Eguraldia lagun herritar ugari hurbildu da plazara.

Semblante Andaluz elkarteko Zambra dantza taldeak eman dio hasiera ekitaldiei. 
Sevillanak, pasodoblea... eguerdia alaitzeko emanaldia eskaini du taldeak.

Ostean, elkarretaratzea egin da egun berezi hau gogora ekarriaz. Honetan Pablo Barrio alkatearen eta hainbat zinegotziren babesa izan dute herriko emakumeek. 

Bitartean, Gazte Klubeko gazteek egindako argazki-marrazki murala izan da ikusgai. 

Honetan, gaztetxoek koloreztutako pertsonaia historikoen marrazkiak eta argazkiak zeuden itsatsiak.

Azkenik, Amalur trikiti eta pandero eskolako lagunen laguntzaz, kalejira alaia izan da erdialdeko kaleetatik barrena.

Egitaraua osatuz

Baina aipatu legez, egun seinalatu hau gogora ekartzeko beste hainbat ekintza izan dira asteburuan.

Ostiral arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarrek  Lan eta Lan antzerki taldeak  eskainitako Moliéren 'Tartufo' emanaldiaz gozatu ahal izan zuten.

Herritarrak Tartuforen antzera, Orgon burgesaren familiaren egunerokoan sartu ziren. Honek hainbat gorabehera sortzen ditu familian. 

Senide eta aitaren tirabirak eta Tartuforen trikimailuek ikusleen onespena izan zuten eta amaieran txalo zaparrada eskaini zioten antzerki taldeari.

Ikuskizunaren ondoren, Semblante Andaluz elkartea izan zen herriko emakumeen bilgunea eta Jesus Zaballos PSE-EEko zinegotzia izan zuten lagun. Afari gozoa dastatu eta ostean, dantzaldia izan zuten. 

Atzo goizean, berriz, Amaia Arriaran ipuin-kontalariaren eskutik 'Do, re, mi, golkua bete ipuin' saioa izan zen kultur etxean. Ehundaka istorio eta protagonista ezagutu zituzten hurbildu ziren haurrek, baita abesti berriak ere. 

Aste honetan egin diren ekintzen argazki galeria.