Egungo testuinguru sozial eta politikoan bizikidetza eta adiskidetza sustatu asmoz sortutako egitasmoa da honakoa, Antzerki-forum metodologiaren bitartez hiru galderen inguruan hausnartzeko aukera izango da; zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin?
Bi saio eskainiko dira. Lehena, euskarazkoa, asteazkenean, martxoaren 11n izango da, Udal Euskaltegiko aretoan 18:00etatik aurrera. Gaztelaniazkoa, berriz, apirilaren 15ean izango da, ordu eta leku berean. Lantegia egiteko gutxieneko talde bat osatu behar denez, joan asmo duenak izena eman dezaten dei egin dute antolatzaileek. Horretarako 688 681 466 telefonora deitu beharko da edo antzerkiforuma@dss2016.eu emailera idatzi.
Bi zatiko saioa
Saioa bi zatitan banatzen da: lehen zatian, edonork egunerokoan izan ditzakeen gatazken inguruko sei istorio labur antzeztuko dira. Ondoren etorriko da elkarrizketarako tartea. Bigarren zati honetan, istorioek amaiera positiboago bat izateko egin beharko liratekeen aldaketa txikien inguruan galdetuko zaie ikusleei.
Bat-bateko iradokizunak izango dira eta nahi duenak, praktikan jarri ahal izango ditu aldaketa horiek, taula gainean aktoreen eta gidoigile eta zuzendari bihurtuko diren gainerako ikusleen laguntzaz, iradokizun horiek istorioetan txertatu eta antzeztuz. “Metodo hau izan daiteke, beraz, bizitza errealean egin nahi ditugun aldaketetarako entsegu bat, jarrera pasibo batetik jarrera aktibo batera igarotzeko zubia. Bi orduko esperientzia pertsonal bat da, gure iragan hurbilera so egin eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen diguna”.
Ehun antzerki-forum saio egingo dira eta horietan parte-hartzaileek etorkizunerako dituzten desira eta konpromisoak biltzea da asmoa. “2016an desira eta konpromiso horiek jendaurrean jarriko dira, etorkizunaren bidean gizartearentzat lagungarri eta inspirazio iturri izan daitezen”.