“Badirudi Bilduri demokraziaz ikasteko asko falta zaiola, batez ere gehiengoarekiko errespetua falta du, beraiek bezala pentsatzen ez duen gehiengoa ez du errespetatzen”, adierazi du Zaballosek ohar bidez.
Sozialistek azaldu dute Bilduk azken egunotan lokal horiek herriko zenbait elkarteri eskaini dizkiela, horietako batzuk gainera “izaera juridikorik” ez duten elkarteak direla ohartarazi dute: “Bilduk urgentziaz lokal horien esleipena lotuta utzi nahi du, hiru hilabete barru hauteskundeen ostean alkatetzan izango ez diren beldurrez daude”, dio alkategai sozialistak.
Bestalde, Enpresa Haztegiarekiko Bilduk duen “utzikeria” larritzat jo du PSE-EEk. 2014eko aurrekontuetan 25.000 euro bideratu zirela gogorarazi dute lokal horiek Haztegiarentzat izan zitezen.
“Jarrera honekin Bilduk erakusten duen bakarra da ez duela Lasarte-Orian enplegua sortzeko lan egiten. Ez haztegirik, ez obrarik ezta deialdi publikorik ere herriko ekintzaileentzat espazioak sortzeko, ez ditu euren eskariak entzuten”, esan du Zaballosek.
Bestalde, Bilduk egiten duen elkarteen erabilera kritikatu egin du: “Elkarteen eta Udalaren artean gatazka sortu nahi dute, hori da euren asmoa”.
Amaitzeko, Jesus Zaballosek esan zuen euren hauteskunde-programan euskaltegi zaharreko lokala Enpresa Haztegi bihurtzeko proposamena txertatuko dutela, “Bilduk ez badu legegintzaldia amaitu baino lehenago erabakitakoa egiten”.