San Pedro Jaiak prestatzeko bilerak abian

jon-altuna-egitegi 2015eko martxoaren 6a

Dozena bat lagun elkartu ziren Manuel Lekuonako bilera gelan 2015eko San Pedro Jaiak pixkanaka antolatzen hasteko.

Aurrez, herritarren proposamenak jaso zituen Udalak eta asteartean bertan iaz egindako gauza positiboak eta negatiboak baloratu zituzten. Elkarte ezberdinen iritzia entzun eta herritarrek egindako proposameak aztertu ostean, “programaren zirriborroa” egitea da asmoa Taxio Arrizabalaga Gazteria, Kirola eta Festak saileko zinegotziak azaldu moduan.

“Lan-dinamika sinplifikatu eta efektiboagoa egin nahi izan dugu aurtengoan, bilera gutxiago eta produktiboagoak egin nahi ditugu, betiere parte-hartzea mugatu gabe”, adierazi zuen Taxio Arrizabalagak.

Prozesu hau beharrezkotzat jotzen du Udalak, “ahalik eta festa herrikoienak” gauzatzeko: “Azken urteotako filosofia berdinarekin jarraitu nahi dugu. Herriko elkarteek gauza mordoa antolatzen dute festetan eta beraiei protagonismoa eman nahi diegu”, esan zuen zinegotziak.