Irteera honetan bi aukera zeuden, Pasaiara oinez iritsi edo autobusez zuzenean museora joatea. Honela taldetxo batek eguraldiari aurre eginez, Donostiatik Pasai San Pedrorainoko ibilbidea egin zuen Ulia menditik barrena. Kostako bidea eginez, erraz iritsi ziren Pasaiko itsasdarrean dagoen Albaola museora.
Bigarren taldetxoa berriz, zuzenean Albaola museora joan zen eta bisita egin zuen.
San Juan baleontzia
Albaola museoan baleontzi baten eraikuntza nolakoa zen ezagutu ahal izan zuten. Izan ere, Donostia/San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan eta Kanadako Gobernuaren laguntzarekin XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika egiten ari baitira.
Taldeak baleontzi honen historiaren berri izan zuen. San Juan baleontzia Pasaian eraiki zuten, Euskal Herritik Ternuara baleak harrapatzera joaten zen eta Kanadako kostaldean hondoratu zen.
1978an arkeologo kanadiarrek itsas indusketa bati esker aurkitu zuten. Indusketak 30 urte iraun ditu eta honen ondorioz, ontziaren nondik norako guztiak ezagutu eta jatorrizko lehengaiak eta teknikak erabiliz ari dira San Juan baleontzia eraikitzen. Esate baterako, Ebro haranean kokatzen diren hiru herrietan landatu dituzte era tradizionalean zortzi kalamu hektarea San Juan baleontziak beharko dituen belen lonak eta sokak ekoizteko.
Honetaz gain, bisitan euskaldunek bale harrapaketan eta baleontzien eraikuntzan izan zuten garrantzia ere ikasi zuten.
Kantujira
Bisitaren ostean, txalupa hartu eta itsasdarra zeharkatu zuten Pasai Donibanera. Lehen taldean zeuden Xumela koruko lagunek, Zarauzko Montetxio koruko zein Hondarribiko Olagarro koruko kideekin bat egin eta kantujira ederra egin zuten Pasai Donibaneko kaleetan barrena. Bigarren taldea museoko bisita amaitzean hauekin batu zen eta guztiak batera, kantuan hurbildu ziren jatetxera. Irteeerari amaiera emateko bazkaloste ederra egin zuten.
Hurrengo irteerak
Oinatz taldeko lagunek irteera gehiago aurreikusten dituzte hurrengo hilabeteetarako. Probintzia ezberdinetako leku paregabeak dituzte mahai gainean, baina egunak zehazteke daudela azpimarratu dute.