Gaizka Ormazabal Gipuzkoako txapeldun 200 metroetan

jon-altuna-egitegi 2015eko martxoaren 4a

Gauzak ateratzen ez direnean bi aukera daude. Etsitzea, ’kitto’ esan eta amore ematea ala behin eta berriz saiatzea helburua lortu arte. Bigarren aukera hartu du Gaizkak atletismoan daramatzan zortzi urteetan, beti. Denboraldi kaxkarrak izan ditu, lesioak, lanagatik berandu entrenatu beharra, pilatutako amorrua… Baina iritsi zaio merezitako saria. Gipuzkoako Txapeldun da 200 metroetan, 22,50eko marka pertsonala egin du eta Super Amara-BAT taldeko errekorra ezarri du pista estalian.

“Entrenatzera ate horretatik sartu zen lehenengo eguna atzo balitz bezala oroitzen dut, ez zen ia hanka bat bestearen aurrean fundamentuz jartzeko gai, apenas zeukan maila nahikorik konpetitzeko eta begira orain... Oso harro nago Gaizkak lortu duenaz, eredua da”, dio Oscar Goikoetxea prestatzaileak.

Lana, disziplina eta konstantzia. Hiru osagai horiekin egiten zaio aurre talentu eskasiari. Hiru osagai horiek daude edozein txapeldunen eguneroko menuan. Edateko berriz, ilusioa. Entrenatzeko egarriz zapatilak lotzea ezinbestekoa da emaitzak eskuratzeko. Eta horretan, taldekideen babesak garrantzia handia duela garbi utzi nahi izan du Ormazabalek.

Lasterketa bikaina egin zuen lasarteoriatarrak igande eguerdian Antonio Elorza belodromoko eraztunean. Egiari zor, bi lasterketa on burutu zituen. Finalera sailkatzeko balio izan zion 22,70ekoa eta finalean bertan Gen Abreu taldekideari aurrea hartuta egindako 22,50 segundoko marka handia.

“Denboraldiko helburua bete du, nahi nuen bezala egin zuen lasterka finalean. Azkar hasi zen, lehen metroei ausart ekin zien eta bigarren kurbako jaitsiera asko gustatu zitzaidan, indartsu amaitu zuen aurrez egindako lan fisiko gogorrari probetxua aterata”, adierazi du Goikoetxeak. Gainera, aurten 400 hesietako proba alde batera utzi izanak “gutxiago lesionatzen” lagunduko diola uste du entrenatzaileak, eta horrek mesede egin diola psikologikoki ere aurrerapausoa ematen.

Protagonistak helmuga marra zeharkatu orduko bi besoak Donostiako zerura jaso zituen. Hainbeste borrokatutako eta sufritutako marka iritsi zitzaion, lortu zuen: “Nire burua presionatzeari utzi diodanean hasi naiz benetan atletismoaz disfrutatzen, eta emaitzak berez etorri dira. Eskerrik asko lagundu nauten guztiei”, Lasarte-Oriako pistako kapitainaren hitzak.

Galardi, Rekondo eta Sevillanoren dominak

Ez zen lasarteoriatarren urrezko domina bakarra izan. Iñigo Sevillano Realeko atletak 8,62 segundotan gelditu zuen kronoa 60 metro hesietan eta Gipuzkoako txapela janzteko balio izan zion markak.

LOKEko Maider Rekondok zilarra erdietsi zuen pisu-jaurtiketan 11 metroko marka eginda eta datorren asteburuan Valentzian jokatuko den Junior txapelketako gutxienekoa lortu zuen horrela.

Ane Galardik hiru domina jantzi zituen. Luzera jauzian hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen 5,07 metroko jauzia eginda. 60 metroetan ere brontzea erdietsi zuen 8.02ko marka ona lortuta, gainera, aurretik zuen denbora 15 ehunenekotan hobetu zuen. Jauzi hirukoitzean azkenik, 11,18 metroko hegaldia eginda zilarrezko domina lortu zuen Galardik. Azken bi proba horiek egingo ditu LOKEko atletak datorren asteburuan Valentzian.