Etxebizitza gisa eskrituratuak daude eta, orain dela oso gutxira arte, bulego bezala erabiliak izan dira. 43,43 m2-ko eta 43,33 m2-ko etxebizitzak dira, guztiz eraberritu behar direnak.
Enkanterako gutxienezko prezioa Udaletxeko arkitektoak tasatutakoa oinarritzat hartuz finkatu da, Estitxu Alkorta Ogasuneko buruak azaldu duenez, %25 merketuta. Hauek dira bi etxebizitzak: Kale Nagusia 24, 1º Esk. (43,43 m2), 62.561,61 eurotan eta Kale Nagusia 24, 1º Ezk. (42,33 m2), 63.289,59 euroko prezioan.
Adjudikaziorako prozedura
Gutun-estalki bidezko enkantearena izango da adjudikaziorako erabiliko den prozedura.
Bi etxebizitza horien erosketan interesatuak egon daitezkeen herritar guztiek salmenta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak. Iragarpena aurki argitaratuko dela azaldu du Alkortak.
Datozen egunetan, enkantea arautzen duen baldintza-agiria Lasarte-Oriako Udalaren Kontu-hartzailetzako Departamentuan aztertu ahalko da Kalea Nagusia 22 helbidean, 9:00etatik 13:00etara. Halaber, egun gutxi barru kontsulatu ahalko da Lasarte-Oriako Udalaren www.lasarte-oria.org webgunean.
"Bi etxebizitza hauen salmentaren operazioa Lasarte-Oriako EAJko udal taldeak Bilduren udal gobernuarekin itundutako proposamen bat izan zen 2014ko aurrekontuak negoziatzeko garaian, bost hilabete itxaron dugu alkatetzak operazioa aktibatu arte. Salmenta-operazio honek gazteei erraztasunak ematea, udal dependentziak berrerabiltzea eta Udalak beste inbertsio batzuetarako diru-sarrerak jasotzea du helburu", adierazi du Alkortak.