Iñigo Ibarburuk zilarra lortu du Cadizen, juniorren Espainiako Neguko Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 3a

Otsailaren 26tik martxoaren 1era bitartean Iñigo Ibarburu Buruntzaldea IKT taldeko igerilaria Cadiz-en izan da junior mailako Espainiako Neguko Txapelketan parte hartzen. 100 eta 200 tximeletan eta 100, 200 eta 400 libren aritu zen. Iazko txapeldunorde izanik, domina aukera nagusiak 100 tximeletako frogan zituen eta ez zuen hutsik egin. Zilarrezko domina, 56'05eko marka pertsonala eta taldeko errekorra ekarri zituen Cadizetik.

“Orokorrean, proba guztietan, bikain aritu da Iñigo eta pixkanaka estatu mailan bere tokia hartzen ari da, aurrera begira gauza gehiago egin ahal izateko beharrezkoa den pausua betez. Martxoaren bukaeran Espainiako Open Txapelketa absolutua izango du eta bertan bereziki tximeleta estiloko frogetan ahalik eta onena ematen saituko da”, adierazi du Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko entrenatzaileak.