Bartzelonan, Tenerifen, Durangon eta Hernanin lehiatu dute LOKEko judokek

Txintxarri Aldizkaria 2015eko martxoaren 2a

Batetik bestera dabiltza LOKEren judo alorreko kirolariak. Euskal Herritik kanpo ere emaitza txukunak lortzen ari dira Gorka Aristegik entrenatutako gazteak. Asteburuaren laburpena da honakoa.

Bartzelonako Nazioarteko Kopan izan ziren lehian Esteban Martinez eta Asier Sagasti joan den asteburuan . Konbate onak egin arren, ezin izan zuten emaitza onik eskuratu.

Durango Torneoan ere izan zuen ordezkaritza LOKEk. Xabier Morales alebinak urrezko domina eskuratu zuen Bizkaiko lurretan. Arratsaldean, Hernanin, Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten kadeteek. Zilarrezko domina bat jantzi zuen Haritz Urdangarinek, hiru konbate ipon bidez irabazita eta finalean ozta-ozta galduta. Jon Herrerok brontzea jantzi zuen bere lehen txapelketa ofizialean eta Mikel Lasak ere parte-hartu zuen.Infantilek probintzia mailako 2. jardunaldia izan zuten Hernaniko tatamian bertan. Hiru lehenengo postu eta hirugarren postu bakarra eskuratu zituzten Gorka Aristegirenek. Ander Garridok, Jesus Curielek eta Alex Saletak eskuratu zituzten garaipenak eta Erik Bermejo izan zen hirugarren sailkatu zena. Parte-hartu zuten besteak Julen Espinosa, Unai Posada eta Garikoitz Mena izan ziren.

Azkenik, Kanariar Uharteetatik berri onak iritsi ziren Lasarte-Oriara. Tenerifeko Granadilla Torneoan, Espainiako Infantilen Koparako puntuagarria den proban, Yeray Mendibek brontzea kolkoratu zuen txapelketa handi bat osatuta.

Datorren hitzorduak martxoaren 14an Infantilen Gipuzkoako  Txapelketa eta 15ean Kadeteen Euskadikoa jokatuko baitute Gorka Aristegiren LOKEko judokek.