Egitarauari atzo eman zitzaion hasiera, Lilatoiarekin batera. Izan ere, Euskotrenen Geltokian talde-argazkia atera eta etorkizunean herriko emakumeen artean landu ditzaketen sareez eta ekimenez aritu ziren herriko dozenaka emakume korrikalari.
Asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean, 'Emakumeen Ahalduntzea, norbanakotik kolektibora' hitzaldia emango du Arabako Solidaridad Internacional Elkarteak, Emakumeen Zentroan.
Ostegunean, 11:30ean Landaberriko ikasleekin 'Martxoaren 8ko egunaren hausnarketa eztabaidak' burutuko dituzte jolas-garaian eta gauza bera egingo dute ostiralean Lasarte-Usurbil Institutuan, “martxoaren 8aren historia eta esanahia” gazteei zabaltzeko.
Ostiralean bertan, baina iluntzean, helduentzako antzerki emanaldia eskainiko du Lan eta Lan taldeak. Moiléren 'Tartufo' lana interpretatuko dute Manuel Lekuona kultur etxean. Sarrerak 3 euroko prezioa izango du. Ostean, Semblante Andaluzek Udalarekin elkarlanean antolatutako herri-afaria egingo dute elkarteak Atsobakarren duen egoitzan.
Larunbatean, Manuel Lekuona kultur etxean, 'Do,Re,Mi golkua bete ipuin' 4 urtetik gorako haurrentzako ipuin-kontalaria izango da Amaia Arriaranen eskutik.
Aste osoan zehar ekintzak egin ostean, martxoaren 8an bertan, igandean, lau hitzordu jarri dituzte.
Martxoak 8
11:30ean Semblante Andaluzeko 'Zambra' dantza taldeak emanaldia eskainiko du.
12:00etan Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko elkarretaratzea egingo da Okendon.
12:15ean, herritarren parte-hartzearekin mural erraldoia osatuko da plazan bertan. Gazte Klubeko gaztetxoek egingo dute marrazki-murala, eta herritarrei ere gonbidapena luzatzen zaie edozein esparrutako emakume langileen argazkiekin etortzera.
12:30ean Okendotik abiatuko den kalejirak emango dio amaiera egunari.