Atzo Lilatoiko 26. edizioan ia 4.000 emakume izan ginen korrika Donostiako erdigunetik prestatutako 5km-ko ibilbidean.
Kirola eta batez, ere, lasterketen mundua hain zabalduta dagoen honetan, badirudi atzoko lasterketa ez dela, kirolarien ikuspegitik, “gogorra” edo kontutan hartu beharrekoa. Baina Lilatoia ez da lasterketa arrunt bat.
Lasterketa honetan irabaztea da gutxienekoa, esango nuke, ia parte hartzaile guztiontzat. Gehienez jota, lagun eta familia arteko pikeak dira bakoitzak izan dezakeen kirol erronka bakarra.
Izan ere, bildu gintuen helburua lasterketa osatzea baino askoz handiagoa da.
Kirol proba hau tresna bat besterik ez da emakumeon eskubideak ozen aldarrikatu eta sexuen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte erreal baten alde egin eta azaltzeko. Eguna ondo hasteko, autobusean, gizon heldu bati entzun behar izan nion gaur egun halako aldarrikapenen beharrik ez dagoela, eta trafikoa Lilatoiagatik ixtea tontakeria zela.
Damutu nintzen baina ez nion ezer esan. Hain juxtu, larunbatean Lilatoriaren harira, lagun batek kontatzen zidan, bere enpresako zuzendaritzak erabaki zuela hemendik aurrerako kontratazioetan emakumeak kontutan ez hartzea, ez behintzat 25 eta 35 urte artekoak, haurdunaldi bajak ekiditeko helburuarekin. Benetan ez da ezer aldarrikatu behar?
Zorionez egia da 1989.urtetik, Lilatoiaren lehenengo ediziotik, zerbait aldatu dela. Horren adierazle izan ginen atzoko ia 4.000 parte hartzaileak. Bide bazterretan jendetza bildu zen gu animatzera, “Aupa Ama” mezua zeramaten kartulina koloretsu pila ikusi genituen. Publikoaren artean ere emaztea edota alaba horrelako proba batean parte hartzen inoiz imaginatu ez zuten gizonak ere baziren, ikusle masan non kokatu guztiz jakin gabe.
Beste urte batez, izeba, ahizpa eta lehenego aldiz parte hartzea izan duen 14 urteko lehengusinarekin egin nuen korrika.
Fisikoki sentsazioa ez zen guztiz ona izan baina berdin dio, lasterketa festa giroan bizitzeko aukera izan genuen beste behin. Txaloka, saltoka eta bidean genituen lagun eta senideak sutsuki agurtuz.
Azken metroak ahizpa eta biok eskutik helduta egin genituen. Erraz iritsiko zen bera minutu batzuk lehenago, indarrez soberan, baina beti bezala, nirekin geratu zen azken metrotan lagundu eta elkarrekin helmugaratzeko.
Atzoko arrakastak erakusten du adin guztietako emakume marea hori geldiezina dela eta gure eskubideen alde borrokan jarraituko dugula. Aupa neskak!