Ostiralean ekin zioten Semblante Andaluz elkarteko kideek Andaluzia egunaren inguruan, otsailak 28, egin ohi dituzten ospakizunei. Agintarien ohorezko brindisa egin zuten lehendakari berria izendatu ostean. Jose Mari Melladok hartu zuen kargua.
Jaiaren hasiera honetan udaleko ordezkari politikoak izan ziren eta hauekin batera Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasuneko zuzendaria den Itziar Pildain. Zambra taldeako kide batzuek dantza bat eskaini zuten ekitaldia girotzeko.
Dantza eta Musika
Larunbatean berriz, dantza eta musika emanaldien txanda izan zen. Atsobakar auzoko egoitzako oholtzan Gitanillos del Alba, Azabache eta Zambra taldeen dantza erakustaldi alai eta koloretsuak izan ziren. Jarraian, musikaren txanda izan zen. Estilo ezberdinak jorratzen zituzten taldeak izan ziren. Merche Montesek kantaldi ederra eskaini zuen berak esan bezala “gaixo egon arren”. Bukatzean Andoainera abiatu zen hango andaluziar elkartean ere abestera.
Honen ondoren, Semblante Rociero koruak hartu zuen lekukoa. Petri Fuentes flamenko kantaria eta Paco Carrionenen emanaldiez gozatu ahal izan zuten bertaratutako bazkideek larunbat arratsalde euritsuari amaiera emateko.
Gaur, Arantzazuko Amaren parrokian meza rozieroa egin dute Semblantekoek eta ospakizun erlijiosoan dantza eta kantak uztartu dituzte. Gitanillos del Alba taldeko gaztetxoak izan dira dantzan. Doinuak berriz, Semblante Rocierok jarri ditu.
Bazkari herrikoian Pablo Barrio Alkatea, PSE-EEko Jesus Zaballos eta Plataformako Juanjo Castro izan dira besteak beste. Jaia dantza eta kanta gehiagorekin agurtu dute.