Xabier Amonarriz “Ametsa litzateke San Juan baleontzian nabigatzea”

maider-azurmendi 2015eko otsailaren 27a

Egurra lantzen hasi zen duela urte batzuk Xabier Amonarriz herritarra zaletasun modura. Orain tornuan lan egitea da gehien gustatzen zaiona eta pieza ezberdinak egiten ditu. Egun, lagun bati esker, Albaola Itsas Ondarearen Fundazioan ari da lanean boluntario modura. Albaola Pasai San Pedron kokatua dago eta bertan XVI. mendeko San Juan baleontzia eraikitzen ari dira Donostia 2016 ekimenaren baitan. Itsasoa da Amonarrizen beste pasioa eta egitasmo honek biak uztar-tzen dituenez, bereziki pozik dago egiten ari den lanarekin. Bide batez, herritarrak bertara joatera animatzen ditu.

Asteburuan bisitatutako dute Oinatz eta Xumela koruko lagunek Pasai San Pedron dagoen Albaola museoa. Bertan XVI. mendeko San Juan baleontzia eraikitzen ari dira eta bisitariek bertatik-bertara ikus dezakete ontzian nola egiten den lan. 

Modu boluntarioan, astean behintzat bi egunetan, bertan aritzen da lanean Xabier Amonarriz herritarra. Itsasoa bere pasioetako bat da eta egurra afizio bilakatu zen duela zortzi urte inguru. Biak batzen dira Alabaola fundazioak dituen egitasmoetan eta  benetan pozik dago bertan bere aletxoa jartzeko aukera izateagatik. Ziur dago Xumela eta Oinatzeko kideen gustukoa izango dela bisita izan ere herritar guztiak animatzen ditu bertara gerturatzeko.

Noiztik lantzen duzu egurra?
Duela 8 urte ikastaro labur bat egin nuen baina beti gustatu izan zait egurra lantzea. Pixkanaka nire kabuz ikasten joan naiz, Interneten informazioa bilatzen nuen edota Youtubeko tutorialak jarraituta lan ezberdinak egin ditut. Tailla egiten hasi nintzen eta tornuarekin trebatu ostean, honekin lan egiten daramat urte bete baino gehiago.

Nolatan Albaola?
Lagun baten bitartez jakin nuen proiektu honen inguruan. Urte asko eman ditut Euskal Herritik kanpo eta ez nuen ezagutzen. Nire beste afizio bat itsasoa da eta Albaolak egurra eta itsasoa uztar-tzen dituenez, bertan parte hartzeko interesa azaldu nuen. Boluntario bezala lan talde handi bat dago eta oso pozik nago bertan lan egiteko aukerarekin.

Zer egiten duzu bertan? Baleontzian egiten duzu lan?
25 boluntario inguru gabiltza Albaola elkartean lanean. Denetarik egiten dugu izan ere, Albaolak berak urteak daramatza martxan garai bateko ontziak berreskuratzen, eraiki-tzen eta azken batean, antzinatik datorkigun nabigazioaren inguruko ofizio eta lanak betirako desagertu ez daitezen lanean.

Hau dela eta, baleontziarentzat hainbat lan egiten ditugun arren, elkartearen bestelako lanak ere egiten ditugu. Ontzian bakarrik lanean ez dago jende asko, 12 bat izango dira eta gu bisitariek ikusten ez duten tailerrean izaten gara lan egiten, makinak dauden lekuan hain zuzen. Esaterako Albaolak aterpe bat ere badauka eta bertako zenbait altzari amaitu berri ditugu.

Esperientzia ona da zuretzat?
Zentzu askotan asko ikasten ari naiz. Egurraren inguruan arotzen lana ezagutzen ohi dugu baina lanbide ezberdinak daude edo espezialista ezberdinak egurraren munduan. Adibidez, batzuk maketetan adituak dira, ez dago baleontziaren planorik, beraz, dagoen materiala erabilita, ontziaren zein honen atal bakoitzaren maketak egiten dituzte batzuk, beste batzuk, egurra basotik ekartzen dutenean landu eta garbitzen dute, beste batzuk piezak moztu eta ontzian jartzeko moduan utzi eta muntatzen dituzte… 

Lan handia duen prozesua da, ahal den neurrian, garai batean ontziak egiteko lan moldea jarraitu nahi delako. Noski, egun eskura ditugun makina ezberdinak erabiltzen dituzte arotzek nolabait lana azkartzeko edo…

Jende asko ezagutu eta asko ikasten ari naiz egurraren inguruan esperientzia trukea polita da. Horretaz gain, euskaldun asko dago eta euskara ere ikasten ari naiz.

Esan behar da atzerritarrak ere badaudela, proiektuak herrialde ezberdinetako egur adituak erakarri ditu, batzuk langile modura egonaldiak egiten dituzte eta beste batzuk berriz, boluntarioak dira.

Solaskide egitasmoan parte hartzen duzu…
Bai esan bezala, denbora asko egin dut herritik kanpo eta euskara nahikoa galduta nuen. Solaskiden hasteak asko lagundu dit euskaraz hitz egitera pausua emateko. Orain solaskideko hitzorduak eta Albaolako tailerrean egiten ditudan orduei esker nire euskara asko hobetzen ari naiz eta alde horregatik oso pozik nago.

Ontzigintzari buruz zerbait ezagutzen zenuen?
Itsasoa asko gustatzen zait, urpekaritza egiten dut eta nabigatu izan dut. Egia esan, amets bat bete-tzea litzateke baleontzia amaitzerakoan, langile eta boluntario guztiei aukera ematea honetan nabigatzeko.

Egun, itsasontziak zuntzezkoak dira eta azpimarratu nahi nuke garai bateko ontzigintzaren jakintza galdu ez dadin Albaolan egiten ari diren lana. Adibidez, San Juan ontzia egiteko, basora joaten dira arotzak molde antzeko batzuekin, zuhaitzak aukeratu eta moztu egiten dira. Ondoren tailerrera ekartzen dira garbitu eta lantzeko. Haritza eta pagoa erabiltzen ari gara.

Albaolan museoa jarri dute bisitariek ontzigintzaren historia ezagutu dezaten baina tailerrak ere bisitatzen dira…

Bai, hiru tailer daude eta horietako bitatik pasatzen dira bisitariak. Ontzian lanean ari diren arotzek egiten dituzte gida lanak batzuetan. Eurek ematen dituzte egiten ari direnaren azalpenak. 
Museoak daukan parte ikusgarriena da tailerra.

Bisita gomendatzen al diezu herritarrei?
Noski! Aukera bikaina da. XVI. mendeko baleontzi baten eraikuntza bertatik bertara ikustea zoragarria da. Ontzigintzaren historia ezagutzeko aukera eskaintzen du eta ikastaro ezberdinak antolatzen dira.