Manuel Lekuonan EHBilduko alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute eguerdian eurek kudeatzen dituzten udalek Espainiako Gobernu Delegazioaren erasoen aurka azaltzeko. “Euskal identitatearekin zerikusia duten gaiak ezik, arlo sozial eta ekonomikoan eragin dezakeen neurri oro aurkatu eta kontrajarri du epaitegietan. Horrek jasangaitza den egoera ekarri du Euskal Herriko udaletxetara. Gure eguneroko lana baldintzatu eta dirutzak gastatu arazi dizkigu mota guztietako prozedura legalak bultzatzera behartuz”.
“Esku-hartze honi” aurre egiteko, hainbat dira Euskal Herriko erakundeak onartutako ekimenak, erreprobazioak, salaketak… “Dena dela, ez dute ibilbide luzerik izan. Bien bitartean, Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere jardunbideari eusten dio. Tokiko autonomiaren aurkako eraso larriak egiteaz gainera, euskal instituzioen adierazle nagusiak gutxiesten dituen kudeaketa eredua inposatu nahi du” esan dute.
“Gure udalerriak ordezkatzeko aukeratuak izan garen alkateak eta ordezkari publikoak garen heinean, eta interes edo kolore politikoen gainetik, egoera honi aurre egiteko deia egiten dugu. Etengabeko esku-hartze honi aurre egiteko urrats irmoak eman behar ditugu euskal instituzioetatik”. Urquijoren eta estatuaren esku-hartzeek erantzun bateratua eta komuna eskatzen dutela uste dute eta “instituzioetatik eman behar da erantzun hori, eremu politikotik eta gizartetik, euskal instituzioetan hartutako erabaki demokratikoekiko errespetua exijitzeko”.
Horregatik alkateek egindako bileran erabaki dute; batetik Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzordea izendatzea. Honen helburua izango da erantzun bateratu bat gorpuzteko mekanismo politikoak eta juridikoak proposatzea.
Bestetik, “Euskal Herrian, hartzen diren erabaki demokratikoen usurpaziori erantzuteko” deia egin diote euskal gizarteari. Zentzu horretan, Kontseiluak deituta “Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara” bihar Donostian egingo den manifestazioan parte hartuko dutela iragarri dute eta mobilizazio horretan egoteko deia egin diete herritarrei.