Osakidetza zigortu dute amiantoak hildako herriko langile baten kasuagatik

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 27a

Donostiako 5. Gizarte Epategiak Osakidetzaren errekurtsoa bertan behera utzi du. Beraz, Lan Ikuskaritzak eta INSSk jarritako salaketa medio, Dioni V.Z lasarteoriatarraren gaixoaldiak langileari eragindako gastu guztiaren %30 errekargatzera zigortu dute Osakidetza, segurtasun baldintzak bete ez zituelako.

Dioni V. Z. Donostiako Ospitaleko elektrizista izan zen 1974 eta 2011. urteen artean. Urtebete beranduago, 2012an hil zen biriketako minbiziarekin. Langilearen heriotza amiantoak eta X izpen erabilera desegokiak eragin zuela ebatzi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Horregatik, 93.408,58 euro ordaindu behar izan zizkien aurrez Osakidetzak senideei.

ASVIAMIEk, Amiantoaren biktimen elkarteak, Osakidetzako zuzendaritzaren “zinismoa” salatu du: “Ez zuten higiene neurketarik egin, ez zuten arriskuaren informaziorik eman, ez zieten babes-jantzi egokirik eman eta mediku-azterketek  ez zuten indarrean zegoen legedia betetzen”.  

Gainera, orain “barkamena eskatzetik urrun”, Osakidetzak halako errekurtsoekin “erantzukinzunak eta neurri prebentiboak” salbuetsi egin nahi ditutela adierazi du ASVIAMEk.