Lerro hauek erabili nahi izan diztuzte Lasarte-Oriako Herritar Plataformako kideek, euren proiektuan sinistu duten herritarrei eskerrak emateko eta datozen hauteskundeetara ez aurkeztearen arrazoiak azaltzeko.
Sorreran gogoratzen dute nola batzuek esaten zuten 80 boto soilik aterako zituztela, baina 2007ko hauteskundeetan 800 boto baino gehiago izan zituzten, eta 2011ko udal hauteskundeetan, bi zinegotzi lortu zituzten.
Urte hauetan egindako lanarekin pozik azaltzen dira eta nahiz eta datozen hauteskundeetara ez aurkeztu, Plataforma ez da desegingo eta beharra ikusten bada, aurrerago, hauteskundeetara berriz aurkeztea pentsatuko luketela diote.
Historia pixka bat. Herritarrak egunean jar daitezen gogoratu ditzagun zenbait gauza herriko politikagintzan hainbat aldaketa eman diren garai hauetan: Zergatik Herritar Plataforma bat Lasarte-Orian 2007an? Une horretan zeuden ideia politikoen artean, non kokatu zen PCLO?
Plataforma herritar talde batek osatu zuen, hainbat herritar nazkatuta geunden alderdi politikoak herritarren beharrei erantzuteaz baino beraien interesei eta soldatei begira ari zirelako, eta nazkatuta gure herriak pertsona baten kortijoa zela ematen zuelako eta bere alderdiak hori egiten uzten ziolako.
Hasieran batean Ezker Batukoak ginela esaten hasi ziren. Gero PPkoak. Geroago, EAJkoak ginela, eta are gehiago, dirua ere ematen zigutela (jakingo balute 2007ko hauteskundeetan 1.000 euro gastatu genituela eta horiek gure poltsikotik jarri genituela). Eta orain EHBildukoak garela diote. Esaten zuten, esaten dute… eta betiko moduan, oker daude.
Orduan eta orain talde heterogeneoa gara, ibilbide eta ezaugarri ezberdinetako jendeak osatua eta alderdi politikoen diziplinetatik kanpo; hau da, Udalaren kudeaketan herriko benetako beharrak ezagutu gabe esku hartu nahi izaten duten eta alderdien emaitza orokorrei begira lan egiten duten agintarien eraginik gabe.
PCLOk, talde politiko moduan, bi oinarri nagusi ditu: herri izaera eta Giza Eskubide Unibertsalei errespetua, eta horien artean bereziki, edozein motatako biolentziaren aurka egotea eta demokratikoki defendatzen diren ideologia ezberdinak errespetatzea.
Urte horietan Lasarte-Oriako Udalean zazpi alderdi politiko elkar bizi ziren. Botoei dagokionez erdi parean zeundeten. Nolako harrera izan zenuten? Udalaren kudeaketan izan zenuten eraginik? Zein irizpide erabiltzen zenituzten alderdi baten edo bestearen proposamenak babesterakoan?
Esaten zuten 80 boto soilik aterako genituela. Esaten zuten… eta oker zeuden. 2007ko hauteskundeetan 800 boto baino gehiago atera genituen, eta 2011ko udal hauteskundeetan bi zinegotzi lortu genituen.
Sortu zenetik Lasarte-Oria Herritar Plataformak helburu nagusi bat izan du: herritarren ahotsa Udalera eramatea. Etengabe defendatu du herritarrek modu askean iritzia emateko, kexa azaltzeko eta ekarpenak egiteko duten eskubidea.
Lehen azaldu dugun moduan, independentzia ideologikoa da, alderdien diziplinarekiko independentziarekin batera, gure oinarrietako bat. Horrek esan nahi du erabakiak hartzerakoan irizpidea argia dela: herritarren onurarako izan dadila, eta horri begira koherentziaz, arduratsu eta zintzotasunez jokatu. Inoiz ez dugu herriarentzat ona dela iruditzen zaigun proiektu baten kontra bozka emango, baina inoiz ez dugu kontrakorik babestuko.
Azaldu diguzue politikan agertu izana Udalak herritarrei “ez entzunarena” egitearen “eta beste alde batera begiratzearen” ondorio izan zela; baina zein zen zuen helburu zehatza hauteskundeetan? Ez zenuten zerrenda bozkatuena babestu, ezta 2011ko hauteskundeetan ere. Zergatik?
Gure helburua ez zen alkatea aldatzea, sinesten genuen horri begira lan egitea baizik: politika egin zitekeela soilik herritarren onuran pentsatuz, eta hori lortu dugu.
Beti egon gara hitz egitearen eta akordioak egitearen alde. Ez zaizkigu gehiengo osoak gustatzen, besteak kontuan hartu gabe eta guztiaren jabe direla pentsatuz agindu dezaketelako. Aniztasuna aberastasuna dela sinesten dugu, eta talde lanean ere sineste dugu, bide horretatik sentsibilitate ezberdinek ekarpenak egin baititzakete Udalak hartu behar dituen erabakiei begira. Eta ez lehengo moduan, non gehienez ere proiektuei ekarpen txiki batzuk egiteko ahalegina egitea baitzen egin zitekeen bakarra.
Horregatik, 2011an aldaketaren aldeko apustua egin genuen, baina gure independentzia mantendu nahi izan genuen gobernu akordiorik egin gabe. Horrela eman dugu legealdi osoa, hitz eginaz eta adostasunak bilatuz. Noski, honek lan handia eskatzen du eta ez da beti zuk nahi duzun hori lortzen, baina negoziatzea amore ematen jakitea ere bada, eta hori ona da demokraziarentzat.
Zuen publizitate kanpainetan askotan entzun ditugu modu honetan esaldiak: “Udalean lanean jarraitu nahi dugu oraindik aldatzeko gauza asko daudelako”, “Badakigu hobeto egin daitekeela”, “Gurekin kontatu, zu bezalakoak gara”, eta abar. Nola jartzen da praktikoan politika egiteko beste modu hori?
Uste dugu politika egiteko beste modu hori badagoela eta horretan saiatu gara: ez dugu soldatarik jasotzen, ezin dugu 8 urte baino gehiago egon kargu publiko batean (hau da: bi legealdi), eta botoa ematerakoan erabiltzen dugun irizpide bakarra da proposatzen dena herriaren onurarako zerbait dela iruditu behar zaigula. Eta ez zaigu axola nork proposatzen duen: egokia bada, babesa emango diogu eta ez bazaigu egokia iruditzen, ez diogu emango.
Guk irizpide horiek betetzen ditugu eta alderdi guztiak gonbidatzen ditugu beraien lan egiteko moduetan irizpide hauek barne har ditzaten. Zenbatek egingo dutela uste duzue?
Errealistak gara eta modu horretako neurriekin badakigu ez dela ustelkeria desagertuko, baina jaisten lagunduko lukeela pentsatzen dugu. Ustelkeri kasuak prentsan agertzen direnean harritu egiten gara, baina era berean herritar gehienon sentsazioa da benetan ematen diren kasuetatik gutxi batzuk soilik agertzen direla. Noski, politikan jende ona eta zintzoa ere badago, baina hainbat oso eroso daude beraien eserlekuetan soldata bikainak kobratuz, eta horietako bakan batzuk, baina soilik bakan batzuk, krisia dela eta zertxobait lotsatu dira eta soldatak jaitsi dituzte. Horregatik argi daukagu: nola da posible 20 edo 25 urte, edo bizitza osoa, politikatik bizitzea? Gure proposamena argia da:
Gehienez ere 8 urte kargu publiko batean eta gero lana bilatzea, beste edozein bezala.
Bi legealdi daramatzazue Udalean: bat oposizio moduan eta bestea kudeaketa ardurekin. Baldintza batzuk jarri zenituzten inbestidura akordiorako. Zuen helburuak bete dira?
Gure helburuak, noski, ez dira osotasunean bete. Beste batzuekin batera lan egiteak esan nahi du batzuetan norbere nahiak albo batera ere utzi behar direla denon artean erabakiak hartu ahal izateko.
Baina, adibidez, lortu egin da urtero Udalak kudeaketa ekonomikorako aurrekontua aurkeztea eta onartzea.
Eskatu duten herritarren, elkarteen eta taldeen eskura Udalaren baliabide batzuk jarri dira. Adibidez, ekitaldiak antolatzera begira, eszenatokiak, karpak, argia eta ura, Kultur Etxeko aretoak, zerbitzuetako brigaden laguntza, eta abar.
Aurreko legealdietan oztopoak jartzen ziren, edo batzuei uzten zitzaizkien eta beste batzuei ez. Oraingoan lortu da, eta zenbait kasutan doan ere bai. Zoru publikoaren erabilera eskubide bat da gaur egun, eta ez “norbaiten laguna” izateagatik lortzen den zerbait.
Herritarrek hitza har dezakete udalbatzarretan, eta kexak azaldu, arazoak aurkeztu, proposamenak egin…
Horrela eskatzen duten herritarrei atentzio pertsonalizatua eskaintzen zaie, eta dagokion arloko zinegotzi arduradunarekin hitz egiten dute.
Aurreko legealdietan oso ohikoak ziren alkatearen bulegoan eta atea itxita egiten ziren bilerak.Kudeaketa koherentea egin dugu, eta ez pertsonalista. Enpresekin lan egiterakoan, asko zaindu da Udaleko teknikoekin ondo koordinatzea eta lan bilerak ondo prestatzea.
Herriko autobusa martxan jarri da. Eta dokumentazio guztia behar bezala jarrita. Hau lehen ez zen beti horrela izaten. Eta herriko autobusa Mugi txartelaren barruan txertatzeko hizketan ari gara.
Urtero haur parke bat konpondu eta ordezkatu egin da eta urtero diru kopuru garrantzitsu bat horretarako gorde da.
Barne lan handia egin dugu: hitz egiten, konbentzitzen, ateak itxi gabe baina zorrotz. Beti herriarentzat hoberena bilatu nahian, eta titularretan edo errenta politikoetan pentsatu gabe. Hori bai, oso zaila da akordioetara iristea parte diren kideen artean ere hitz egiten ez duen alderdi batekin.
Nabarmena da gauza asko egiteke daudela gure herrian, baina alkate ohiak irrati batean 2007ko hauteskundeen ondoren esandako hitz batzuk ekarri nahi ditugu gogora: “8 zinegotzi lortu zituenez eta gehiengoa 9 zirenez, ezingo zuela bere programa bete”. Ba pentsa guk bi zinegotzirekin zer esan beharko genukeen!
Alkate ohiaren hitz tamalgarri hauen ordez, argi daukagu:
1. Lortu ez ditugun gauzengatik gure ardurak gure gain hartzen ditugu.
2. Uste dugu Udalak antolaketa eta barne funtzionamendu arazo handi bat duela, funtzionario eta langileen zereginetatik harantzago doana, eta hauei beraien lana eta dedikazioa eskertzen diegu.
3. Iruditzen zaigu alderdi handiek beraien interesei lehentasun handiagoa ematen dietela herritarren beharrei erantzutea baino.
Azken puntu hau ez dute alderdiek onartuko, ehunka eta milaka gauza aginduko dizkigute eta beraien zeregina herritarrei zerbitzua ematea izango dela esango digute. Baina hauteskundeen atzean soldatak mantentzea edo galdutako soldatak berreskuratzea ere badago, eta hori ere ez dute onartuko.
Maiatzean berriz ere Udal hauteskundeak izango dira. Zer asmo ditu Herritar Plataformak hauteskunde horietarako eta aurrera begira?
Inor ez dela ezinbestekoa uste dugu, eta, noski, gu ere ez. Ez dago konponbide guztiak dituen alderdi bakar bat, ezta egi guztia duenik ere. Horregatik, hauteskundeak hurbiltzen direnean, Plataforma aurkeztea beharrezkoa eta komenigarria ote zen hausnartzeari ekin genion.
Esan behar da, hilabeteak daramatzagu hausnarketa horrekin eta azkenean, 2015eko maiatzeko Udal hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki dugu.
Iruditzen zaigu 2007. urtean Herritar Plataforma Udal hauteskundeetan aurkeztea erabakitzera eraman zituen helburuak ondo bete direla.
Lerro hauen bitartez, bihotz bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu Plataformaren proiektuan sinetsi duzuen eta proiektuarekin bat egin duzuen herritar guztioi. Zuek gabe, Plataforma asmo huts bat izango zen.
Era berean, esan nahi dizuegu hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko ez garen arren, Plataforma ez dela desegingo. Alderdi politiko moduan jarraituko dugu, eta Udalean ordezkaririk izan gabe ere herriaren alde lan egingo dugu kaletik, herritar moduan. Eta aurrerago, beharrezkoa ikusten badugu, Lasarte-Oriako Herritar Plataforma berriz aurkeztuko da hauteskundeetara. GERO ARTE ETA MILA ESKER.