'Ongi etorri!' bideoa plazaratu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 21a, 13:35
Lasarte-Oriako Udalak 300 herritar eta elkarte biltzen dituen lana sareratu du. Manuel Lekuonan egin zen bideoaren aurkezpen ekitaldia atzo iluntzean eta bertan izan ziren bost minutuko luzera duen grabazioko protagonistetako asko, kultura anitzekoak, Pablo Barrio alkatearekin batera. Bideoa ikusteaz gain, izan zen dantza eta oroigarrientzat tarterik ere. Udalak sareratutako bideoa ikusi nahi duenak txintxarri.eus atarian du aukera, edota udalaren beraren webgunean bertan ere bai.

Bost minutuko bideoa Eztiphotoko kideek grabatu dute, Makulu Kenek musika egin du, kantaren letra Earra! bertso eskolak eta Kukukak dantza pausoak jarri dizkio koreografiari.

Atzo, musika horren erritmora egin zuten dantzan herriaren parte diren hainbat kulturetako kideek, oholtzan, denek elkarrekin. Kolore eta kultura nahasketa dotorea izan zen eta ikusleek txalo-zaparrada luze batekin eskertu zuten dantzarien lana.

Ondoren, grabaketan parte-hartu duten talde guztiei argazki moduko oroigarri bat eman zien Pablo Barrio alkateak eta denek batera 'herri-argazkia' atera zuten Manuel Lekuonako auditorioko oholtzaren gainean. Eguna amaitzeko afari-merienda egin zuten kultur-etxeko kafetegian. 

Bideoa ikusgai dago Udalaren http://albisteak.lasarte-oria.eus/ atarian edota orrialde honen azpikaldean.

Aniztasuna lantzen
Udalak emandako datuen arabera, Lasarte-Oria da Gipuzkoako herririk anitzena, bertako herritarren %44a Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da.

Bideoko protagonistak lasarteoriatarrak dira, askotarikoak: “Herri anitza eta bizia gara, urte osoan zehar herriko plaza betetzen duten ekitaldi ugari antolatzen dituzten ia 100 elkarte edo taldek osa-tzen dute gure udalerria eta munduko txoko guztietako kulturak biltzen gara Gipuzkoako alde honetan”, adierazi du Udalak.

“Azken urteotan elkar ezagutzan, elkarren errealitatearen aitortzan eta elkarbizitzaren inguruan aritu gara lanean”, dio Udalaren oharrak. Pablo Barrio alkateak ere hartu zuen hitza Manuel Lekuonara bertaratu ziren lagunei ongi-etorria emateko eta bideoan “aktiboki” partu izana eskertzeko: “Hauek dira azken urte hauetan ikasi ditugun bi hitz garrantzitsuenak, 'ongi etorri'. Askotan hitz gutxirekin gauza asko eman ohi dugu aditzera. Hitzek intrintsekoa duten esanahia emozioekin nahasten baita askotan. Beraz, ongi etorri guztioi, lasarteoriatarrak. Hona, aretora etorri zaretenoi, eta baita neure moduan herri eder honetara iritsi garenoi ere. Bizitzak alde batera edo bestera gidatzen gaitu bizi garen heinean eta gure txikitasunean guztiok Lasarte-Oriako pusketatxo bat gara une honetan. Era guztietako forma, pentsaera, afizio, usain eta koloreak ditugun piezak gara. Orain, munduari nolakoak garen erakutsi nahi diogu lan honen bitartez”, adierazi zuen Pablo Barrio alkateak bideoaren aurkezpen ekitaldian.