Berdintasun plana lantzen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 20a

Emakume eta Gizonen arteko diagnostikoa osa-tzeko eskaera egina dio Udalak Sexuen elkarbizitzarako emakume zentroko lantaldeari. Helburua, I. Berdintasun Plana osatzea da, herriko gizonezko eta emakumezkoek bizi duten errealitatea gertutik ezagutzeko. Horretarako, urtebeteko barne-lanketaren ostean, topaketa irekiak antolatu dituzte astearte arratsaldean 18:30ean eta asteazken goizean 11:00etan Villa Mirentxuko bilera gelan.

Pertsona ezberdinekin bildu dira Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen  teknikariak. Herriko hainbat elkarteekin ere egonak dira, batzuk kirol arlokoak besteak kultur munduan aritzen direnak, aisialdian aritzen direnak ere bai, baita gizarte arloan lanean ari diren beste batzuekin ere. 

Asko izan dira dagoeneko gertutik ezagutu eta haien ikuspegia emateko bidea izan duten elkarteak: Ttakun, DanoKide, Kukuka, Aterpea, Alboka, Txoko mujeres, Amigos del Sahara, CD Lasarte, Biyak, Lan eta Lan, Asociación de Extremadura, Ostadar, Jalgune, Semblante andaluz, Oztabide, Dinbi Danba, Erketz... 

Guzti hauekin egon ostean eta berdintasun teknikariek diagnostikoa osatzeko lanketarekin jarraitzen duten bitartean, herritarrei ematen zaie lekukoa Lasarte-Oriako errealitatea nola ikusten duten azal dezaten asteartean eta asteazkenean egingo diren topaketa irekietan. Asteartekoa arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta asteazkenekoa berriz, 11:00etatik aurrera izango da. Bi topaketak Villa Mirentxuko aretoan egingo dira.

Ekimen honekin, ahalik eta herritar gehienek iritzia eman dezaten nahi du Udalak: “Bertara hurbiltzen denak  emakumeak eta gizonak nola bizi edo elkarbizitzen garen komentatzeko aukera izango du esparru ezberdinetan, bai kirolean, bai hedabideetan, bai hirigintzan, bai politikan, bai lan munduan edo zaintzaile bezala ari denean… Gai ezberdinez aritzeko aukera izango baita, betiere genero ikuspegia analisirako oinarria izanda”, adierazi dute Udaleko iturriek.

Gainera, lau galdera ere luzatu dituzte, bilera horietan landuko direnak: 
1. Lasarte-Orian neskak eta mutilak berdintasunean hezten ditugu? 
2. Lasarte-Orian emakumeok eta gizonok gure denbora modu berean erabiltzen dugu (kirola egiteko, lagunekin afaltzeko, pote batzuk hartzeko…)? 
3. Lasarte-Orian emakumeak eta gizonak modu berean arduratzen gara geure helduen eta umeen zaintzaz?
4. Lasarte-Orian emakumeok eta gizonok segurtasun berbera sentitzen dugu gauean etxera bueltatzerakoan?
Aipatutako galdera hauek Villa Mirentxun landuko direnetako batzuk besterik ez dira eta herritarrek euren kezka eta ezinegonak azal-tzeko aukera izango dute.

Emakumeen Zentroa
2003. urtetik dago zabalik Emakumeen udal zentroa Lasarte-Orian. Herrian beharra ikusi denez eta I. Berdintasun Plana helburu, orain, diagnosi baten lanketa egiten ari dira Sexuen elkarbizitzarako emakume zentroko lantaldearen baitan, 2013ko azaroaz geroztik: “Sexuen araberako desoreka ezabatzeko eta sexuen arteko berdintasuna sustatzeko lan egiten ari gara, pertsonen autonomia sakondu eta batez ere sexuen arteko bizikidetza hobetzeko”, azaldu zuen Yoana Azpitarte berdintasun teknikariak prozesuaren aurkezpenean. 

Aurrez, zentroko erabiltzaileekin egin dute lanketa, hemendik aurrera herritarren ahotsa adituko dute herrian emakumeak duen egoera zein den zehatz-mehatz ezagutzeko, etorkizuneko proiektuei begira.