Herriko Xumela abesbatzan aritzen da Loli Galdos. Abesteaz gain baditu beste zaletasun batzuk, galtzerdiak eskuz egitea adibidez. Kartzeletan preso dauden herritarrentzat egiten ditu normalean, baina joan den astean Aspanogi elkarteko guraso eta haurrek jaso zuten hankak goxatzeko opari ezin hobea.
Joxemari Agirretxe 'Porrotx'-ek berak proposatu zion Loliri Aspanogikoengana bisitan joateko aukera: “Egun batean abestera joateko proposamena egin zidan Joxemarik, Xumelan aritzen bainaiz. Pentsatzen aritu eta gero, esan nion: 'Begira Joxemari, abestu baino, zergatik ez dizkiet nik egindako gal-tzerdi batzuk ematen?'. Gustatu zitzaion ideia Joxemariri, eta horixe egin genuen joan den astean. 18-20 pare inguru eraman nituen”.
Loliren lagun Pili Landa eta biak joan ziren Aspanogik Donostiako Ospitalean antolatutako festa horretara, Porrotxekin batera. “Esperientzia oso polita izan zen; hunkitu egin gintuen ikusteak zenbateko indarra daukaten haurrek zein gurasoek”, aipatzen du Lolik.
Haur eta nerabeek kolore guztietako galtzerdiak jaso zituzten opari. Horrez gain, Kattalin elkarteko (bularreko minbizia duten emakumeak laguntzen ditu) hainbat kidek trapuz egindako jostailuak eraman zituzten eta Porrotxek irribarreak josi zituen festako partaide guztien ahotan. “Gisa honetako ekintza xumeekin gauza handiak lor daitezke: ezin zoriontsuago zeuden haur eta gurasoak”, azpimarratzen du Lolik.
Ekintza ugari
Aipatutako festaz gain, ekin-tza ugari antolatu zituen Aspanogik lehengo astean: Ipar Martxa koloretsu bat Donostian eta 'Lagunak' izeneko bideoklipa kasu.