'Genero ariketak' saiakera aztertu zuten Irakurle Txokoan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 19a

Hainbat idazleren testuak biltzen dituen 'Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak' saiakera-liburua izan zuten hizpide Irakurle Txokokoek asteartean. Aurtengo ikasturteko bosgarren saioa izan zen. Ohi bezala, Uxue Alberdik gidatu zuen Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan egin zuten saioa.

2013ko uztailean argitaratu zuen liburua 'Edo!' argitaletxeak. Hainbat idazleren testuak biltzen ditu, jatorrizkoak zein itzulitakoak. Miren Agur Meabe eta Danele Sarriugarte ibili dira itzul-tzaile lanetan, besteak beste. 

Liburua ez da zehazki saiakera bat, hainbat generotako testuak biltzen baititu: saiakerak, bertsoak, glosak, iritzi artikuluak, lekukotasunak... Generoak bezain anitzak dira gaiak ere. 
Hiru atal nagusitan dago banatua saiakera-liburua. 'Gorputza' da lehenengoaren erdigunea eta hainbat idazleren lekukotasunak biltzen ditu. Bigarrenean 'ispilua' da ardatza: gorputza irudikatzeko modu berriak planteatzen dira atal horretan. Azkenik, 'pentsamendua' kontzeptuan oinarritzen da hirugarrena; transfeminismoaren inguruko teorizazioari buruzkoa da. 

Martxoaren 17an dute hurrengo hitzordua Irakurle Txokokoek: Danele Sarriugarteren 'Erraiak' nobelaz aztertuko dute saio horretan.

Saria 579 zenbakiarentzat

Bestalde, Irakurle Txokoa diruz laguntzeko errifak saldu dituzte hilabeteotan; astearteko saioan egin zuten zozketa. Xirimiri elkartean martxoaren 14an egingo den bertso-afari literariorako 4 txartel eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Manuel Lekuonan maiatzaren 23an eskainiko duten ikuskizunerako beste 4 sarrera ziren saria. 579 zenbakia izan da saritua.