Paula Ugarte eta Uxue Balerdi Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren teknifikazio saioetara

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 19a, 10:31

Ostadar SKTren saskibaloi adarra pauso sendoak ematen ari da sortu zenetik. Oraingo honetan, Paula Ugartek eta Uxue Balerdik izango dute Gipuzkoako saskibaloi jokalari onenekin entrenatzeko aukera. Kadete mailako bi neska hauek pozarren hartu dute albistea eta aukera polita izango da eurentzat saskibaloiaren beheko mailetan beste urrats bat emateko.

Donostiako Manteo Kiroldegian egingo dute lan saioa, igandean, 17:30etatik aurrera. Endika Marrahi Ostadar SKTko saskibaloi arduraduna pozarren zen hautaketekin: “Pibote postuan jokatzen dute biek, altuera askoko jokalariak dira, lehenengo urteko kadeteak. Denera 30 jokalaritik gora hautatu dituzte. Helburua datorren denboraldian jokatuko den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako selekzioen arteko triangularrerako taldea osatzea da. Handik, Euskadiko selekzioa aterako da. Gozatu dezatela saio hauetaz, hori da garrantzitsuena”.