Buruntzaldea IKTko igerilariek hamabi domina lortu dituzte Euskal Herriko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 18a

Lau urre, lau zilar eta lau brontze eskuratu zituen Buruntzaldea IKTk asteburuan Irunen eta Iruñean jokatu ziren Euskal Herriko txapelketetan.

Infantiletan, Irungo igerilekuan, Nahia Jie Villamedianak urrea lortu zuen 200 estiloetan eta bi zilar 100 bizkar frogan eta 200 bizkar frogan hurrenez hurren. Nora Irazustak ere domina eskuratu zuen 800 libre frogan. 

Jubenil eta absolutu mailan, Iruñean, Iñigo Ibarburuk bi urre lortu zituen 100 tximeletan, bata absolutu mailan eta bestea junior mailan. Gainera, 100 libren ere brontzea eskuratu zuen junior mailan eta 50 tximeletan beste bi domina kolkoratu zituen, urrea junior mailan eta zilarra absolutuetan. Proba hauekin, Cadizeko Espainiako txapelketa prestatzen ari da buru-belarri herritarra. Bestalde, Haitz Mitxelenak ere domina eskuratu zuen, brontzea absolutu mailako 200 tximeleta frogan. Falta diren dominak Itsaso Tolosak eskuratu zituen, zilarra lortu zuen 200 bizkar frogan eta brontzea 100 bizkar frogan.

Neguko denboraldia aurrera doa pixkanaka eta Borja Apeztegia prestatzailea pozik da taldeko igerilariak ematen ari diren mailarekin.