Bakea eta bizikidetzaren inguruan gogoeta

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 18a

Lasarte-Oriako EAJk antolatutako hitzaldi sortaren baitan, atzo Maribel Bakero Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea izan zen Villa Mirentxun bakea eta bizikidetzaz hitz egiten. Esparru honetan Jaurlaritza egiten ari den lana azaldu zien bertaratutakoei.

'Lasarte-Oria Hazi Arazi' hitzaldi sorta antolatu du herriko EAJ alderdiak. Egitarau honen baitan, atzo Maribel Bakero Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeko presidentea jardun zen hizlari. Honek Eusko Jaurlaritzak abian duen bake eta bizikidetza plana izan zuen hizpide. 

Gizartean zein alderdi politikoen artean dagoen mesfidantzarekin bukatu eta elkarbizitzarako konpromezuak lotzeko garaia dela aipatu zuen. Elkarbizitza normalizatu bat lortzeko hainbat esparrutan eragin behar dela sinistuta, Jaurlaritzatik hainbat proiektu lantzen ari direla esan zuen "nahiz eta alderdien artean akordioak ixtea zaila izaten ari den, lanean jarraitzen dugu". Esaterako, hezkuntzan eragin behar dela esan zuen eta horretarako ikastetxeetan lantzeko materiala prestatzen ari dira.

Bi gai dira nagusiki alderdien artean eztabaida sortzen dutenak Bakeroren esanetan, batetik, "biktimen mina eta bestetik presoen egoera". Bi hauetan lanean daudela aipatu zuen. Azken honen harira, Hitzeman eta Zuzenbidean proiektuak landu dituztela esan zuen. Bigarrenaren baitan, 20 proposamen egiten zaizkio Espainiako gobernuari, hauetako 10 legedia aldatu gabe, presoen egoera hobetzeko  nazioarteko zuzenbideak dionari jarraikiz.

Hitzaldiaren amaieran solasaldirako tartea zabaldu zen herritarrekin. Ostegunean Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak industrializazio eta enplegua hitzaldia emango du Villa Mirentxun 19:30ean.