Ander Barrenetxeak debuta egin du profesional mailan

jon-altuna-egitegi 2015eko otsailaren 18a

Almeriako Klasikoa eta Murtziako Itzulia egin ditu. Bete du txiki-txikitako ametsa 22 urteko gazteak. Ziklista profesionala da asteburutik aurrera, atera du tropeleko gidabaimena. Murtziako Itzulian erretiratu egin bazen ere, Almeriako Klasikoan 109. sailkatzea lortu zuen, Mark Cavendish irabazlearengandik bederatzi minutu eta erdira. Pausoz pauso.

Lehen aldiak ez dira sekula errazak izaten, inor ez dago ataka horretatik salbu. Ezta Ander Barrenetxea Murias taldeko ziklista ere. Estreinako lasterketa zaila izan zuen asteburuan: "Murtzian hanka altxa nuen oso urduri nengoelako eta nerbioek ez zidatelako utzi nahi bezain ondo ibiltzen. Tentsioak eta sabeleko minak blokeatu ninduten".

Gorputzari buelta emanda eta larunbateko tripa-jaterik gabe, fin ibili zen Barrenetxea igandean Almeriako errepideetan, nahiz eta jakin badakien, oraindik ez dagoela gorputzaldi betean: "Almerian lasaiago nengoen eta gustura lehiatu nintzen. Batez ere azken kilometroetan nabaritu nuen erritmo falta, ez bainago ohituta horrenbeste kilometro egitera (186km zituen) eta barruan nuen guztia eman arren, ez nintzen urrutirago iritsi".

Nahikoa urruti iritsi da ordea dagoeneko Ander Barrenetxea lasarteoriatar-galdakaoztarra. Gazte-gaztetako ametsa bete du, eman ditu lehen pedalkadak Mark Cavendish, John Degenkolb, Zdenek Stybar edota Jean Chrstophe Perauden gurpilera: "Izugarria da, hala ere ez nituen asko ikusi ze eurak denbora guztian tropel buruan zihoazen eta besteok atzekaldean sufritzen!", dio Barrenetxeak barrez.

Bere lehen lasterketaren kronikatxoa ere egin digu, tropelaren bihotzetik: "Almeriatik irten eta irteera ofiziala emanda, ziztu bizian abiatu ginen ihesaldia egin zen arte. Lasterketa moteldu zenean, aurreneko pausua eman nuela sentitu nuen, jadanik momentu kritiko bat igaro nuela. Handik aurrera lasterketa gero eta arinago zihoan helmugara hurbiltzen gindoazen heinean. Pare bat momentutan haizearen eraginez ia-ia lurrera erori nintzen... Azkeneko mendatea igo eta gero, aldapa beheranzkoan abiadura izugarrian gindoazen eta zati horrek bihurgune asko zituenez, hor moztu zen tropela. Handik aurrera ezinezkoa izan zen aurrekoekin bat egitea, profesionaletan jendea oso azkar doa. Erreleboka iritsi ginen helmugara".

Etorkizunerako asmoak
Abenduan egin genion elkarrizketan argi zituen ideiak Barrenetxeak: "Orain ziklista profesionala naiz eta gorputz eta arima taldeari laguntzen jarriko ditut, aukera aprobetxatu beharra dago".

Dena den, ez ditu ikasketak baztertu eta Ingeniaritza Industrialeko masterra egiten ari da. Badaki txirrindularitzako ibilbidea nahi baino laburragoa izan daitekeela, beraz, prestatuta egon beharra dago etorkizunerako: "Bi gauzak egiteko moldatzen ari naiz, gainera burua beste leku batean edukitzeak ere laguntzen dit, denbora guztian bizikletan pentsatu gabe".

Elkarrizketa: Ander Barrenetxea: 'Profesional mailara egokitu nahi dut'