Txuri Urdinera irteera antolatu du Gazte Klubak, martxoaren 14an

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 16a

Izotz gainean patinatzea gustuko dutenentzat irteera paregabea prestatu du Gazte Klubak, martxoaren 14an. Txuri Urdinera irteera antolatu du egun horretarako. 16:00etan aterako dira Biyak Bat nagusien egoitza pareko autobus geltokitik eta 19:30ean egingo dute buelta. Merienda, galtzerdi potolo batzuk eta kaskoa eraman beharko dituzte gaztetxoek egun horretako irteerara.

Mugatuak dira plazak, antolatzaileek esan dutenez. Zabaldu dute jada izena emateko epea; martxoaren 12ra arte egongo da irekita. Ttakun KEko bazkide direnek 13 euro ordaindu beharko dituzte; ez direnek, 16. 

Bestalde, HH5 eta LH 1-2ko gaztetxoei birziklatzen ikasten hasteko aukera emango die Amaraun ludotekak, ikastaroa antolatu baitu horren inguruan. Asteazkenetan edo ostegunetan egin ahalko da, ludotekan bertan, otsailaren 25 eta 26tik martxoaren 25 eta 26ra arte. Ordu eta erdikoak izango dira saioak: 17:45ean hasi eta 19:15ean bukatu. Lehenengo egunean plastikozko botila huts bat eraman beharko dute gaztetxo guztiek. Ttakuneko bazkide direnek 14 euro ordaindu beharko dituzte, eta 17 berriz ez direnek. 

Bi ekintzetakoren batean izena emateko, Ttakuneko bulegora joan, 943 37 14 48 telefonora deitu edo aisia@ttakun.com helbide elektronikora idatzi daiteke.