Txantxoen igandea

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 15a, 15:00
Euskal Inauterien inguruko erakusketa, txantxo mozorroa egiteko tailerra eta dantzak ikasteko aukera izan da gaur goizean Okendoko karpan. Ttakunek Udala eta herriko beste elkarteekin batera antolatzen du Inauteri igandea eta aurten herritarrei jai hau gehiago ezagutzeko parada eskaini nahi izan zaie.

Larunbateko jaiaren ostean, Euskal Inauterien txanda da. Egun honetako ospakizunetan parte hartzea handitzeko helburuarekin aurtengoan, Ttakunek, udala eta herriko beste elkarte batzuekin, erakusketa eta tailerrak antolatu ditu goizean plazan.

Eguerdian, pixkanaka jendez betetzen joan da Okendon jarritako karpa. Honetan, Euskal Herriko inauterien eta hauetan dauden pertsonaia ezberdinen inguruko erakusketa ikusi ahal izan dute herritarrek. 
Honekin batera, haur zein helduek euren txantxo mozorroa egin ahal izan dute modu errazean zakuak eta oihal zaharrak erabilita. Lan hauetan laguntzaile prestuak aritu dira eta jantzi dotoreak ikusi dira. 
Eskaintza osatzeko, plaza dantzako irakasle eta ikasleak inauteri hauetako dantza tradizionalak erakutsi dizkiete bertaratutakoei.

Jai giro polita izan da eta Ttirriki-Ttarrakakoen doinuak lagunduta, adin guztietako jendea animatu da dantzara. Aipatu behar da, hamaiketako goxoa ere banatu dela goiz euritsu eta hotzari aurre egiteko.

Desfilea 

Arratsaldean egingo da desfilea herriko kaleetatik. Aurtengoan, Atsobakarren 17:00etan txokolatada egingo da parte hartzaile guztientzat eta 17:30ean abiatuko dira dantzariak Okendora bidean. Antolatzaileek gogoratzen dute desfile irekia dela hau eta nahi duten herritar guztiek har dezaketela parte. 19:00etan hartza erreko da plazan jaiari amaiera emateko.