Inauteri koloretsuak herriko ikastetxeetan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 13a, 19:01
Mota eta kolore guztietako mozorroak soinean, dantza eta jauzi egin dute Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri-Garaikoetxeako gaztetxo eta irakasleek, aurtengo Inauteriei ongi-etorri ezin hobea eginez.

Herriko ikastetxeen eskutik iritsi dira herrira aurtengo Inauteriak. Aurtengo gaiarekin (ipuinak, komikiak eta marrazki bizidunak) bat egin dute Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko ikasleek. Gurasoek haurtzaroa gogoratzeko parada ere izan dute, hainbat ipuin klasikotako pertsonaiak ikusi baitituzte ikastetxeetan: Pinotxo eta Geppetto, Popeye marinela, txerrikumeak eta otsoak... Gela bakoitzeko haurrek prestatutako koreografia eta dantzekin gogotik gozatu dute ikusleek.

Garaikoetxean berriz, Lantzeko Euskal Inauteriak ospatu dituzte gaur arratsaldean. Zeru lainotuan aurki ez zitezkeen koloreak plazaratu dituzte gaztetxo eta irakasleek, mota guztietako oihalak eta txano koloretsuak soinean. Jon Lasa txistulariaren laguntzarekin, garai hauetako hainbat dantza klasiko egin dituzte, guraso eta lagunen arretazko begiradapean. Bertan izan dira Miel Otxin eta Ziripot bezalako pertsonaia klasikoak, festaz gozatzen.

Iritsi dira Inauteriak herrira; datorren urterarte agur esan baino lehen, asteburu luzea geratzen da aurretik oraindik. Ongi etorria, ordea, egina dago, herriko ikastetxeen eskutik. 

Ohi bezala, irudi eta bideo koloretsuak utzi dituzte ikastetxeen ospakizunek. Horietako asko bildu ostean, argazki galeria eta bideoteka egin ditu Txintxarrik.