Badator Korrika

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 13a, 11:56
Korrika ere gerturatzen ari da pixkanaka. Martxoaren 19tik 29ra egingo da Korrika eta martxoaren 22an pasako da Lasarte-Oriatik. Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da Euskal Herri osoa zeharkatuko duen ibilbidea.

Aurrekari bezala, Gipuzkoako korrika III.mus txapelketa abian da. Eskualde bakoitzean, gure kasuan, Lasarte-Oria eta Usurbil artean kanporaketa jokatuko da. Partidak lau erregetara izango dira eta bikote bakoitzak 12 euro ordaindu beharko ditu parte-hartzeko. Lehenengo bi bikoteek 'Riojanos' erretegiak eskainitako bazkari edo afaria izango dute sari gisa.

Hemengo irabazleak Gipuzkoako finalera joateko aukera izango du. Finala, otsailaren 28an izango da Astigarragan, arratsaldeko 17.00etan Zipotza elkartean eta bertan beste eskualdetako irabazleen aurka arituko dira. Sari modura finaleko bi bikoteek afaria eta irabazleentzat txapel bana izango dute.

Herriko kanporaketa Avenida tabernan jokatuko da datorren ostiralean, otsailaren 20ean, gaueko 22:00etan hasita. Izen ematea aldez aurretik egin daiteke Muntteri AEK euskaltegian edo 607625233 zenbakira deituta. Egunean bertan, 21:45ean, Avenidan ere egin ahalko da.

Herria Korrikaren zain

Hilabete eskas falta da AEK-k antolatutako 19. Korrika Lasarte-Oriara irits dadin. Aurrez, herriko korrikaren aurkezpena martxoaren 13an izango da Manuel Lekuonan. Txalapartariak, desfilea, batukada, bertsoak, dortsal banaketa etab. egingo dira. Gau horretan bertan zinea eta bertso-korrika ere izango dituzte herritarrek gozagarri. Martxoaren 18an Korrika txikia  ospatuko da herriko ikastetxeekin eta martxoaren 22an, eguerdian, pasako da Korrikaren 19. edizioa Lasarte-Oriatik. Donostiatik etorriko da lekukoa herrira, gero Usurbil aldera jarraitzeko.