Taxio Arrizabalaga Festak, Kirola eta Gazteria zinegotziak azaldu du Inauterien prestakuntza “plazera” izan dela. “Urtero abiatzen dugun parte-hartze prozesu honetan ere giro bikaina egon da, konpartsek aktiboki egiten dutelako lan bilera hauetan eta oso produktiboak izaten direlako. Asko bizi dituzten festak dira, eurenak”.
Berrikuntza batzuk ere izango ditu aurtengoak, iaz prestatutako sagardo dastaketari aurten pintxoak ere gehituko dizkiote larunbat eguerdian. Dena den, 2015eko nobedade nagusia konpartsen lehiaketa da: “Konpartsek egiten duten lana bisualizatu asmoz, aurten lehiaketa antolatuko dugu lehen aldiz. Konpartsen artean erabakiko dute zein den onena, originalena. Konpartsa bakoitzak bozka bat eman ahal izango du eta bozka gehien lortzen dituenak gidatuko du arratsaldeko desfilea herriko kaleetan barrena”, adierazi du Arrizabalaga zinegotziak.
Eguraldiak ditu pixka bat kezkatuta antolatzaileak eta zentzu horretan, ohar bat helarazi nahi die Udalak herritarrei. Euria eginez gero, bazkari herrikoia Michelingo pilotalekuan egingo da.
Euskal Inauteriak igandean
Erketz, Ttirriki-Ttarraka, musikariak, Kukuka eta Ttakun buru-belarri aritu dira Euskal Inauteriak antolatzen.
Aurten, goizeko ekintzak plazara mugatuko dira 12:00-14:00 bitartean. Lau gunetan banatuko dute Okendo: 1. gunean txantxo jantziak egiteko aukera izango da Titare jostundegiko kideekin. 2. Gunean dantza tailerra izango da Plazadantzako kideen eskutik, dantzak irakatsi eta ikasteko. 3. gunean erakusketa, Inauterien eta euskal dantza tradizionalen panelak jarriko dira, argazki eta azalpenekin. 4. gunean azkenik, goizeko ekintzetan parte-hartzen dutenentzat hamaiketakoa egingo da sagardo eta txorixo pintxoarekin.
Garaikoetxeako atarian egin dute hitzordua arratsaldeko saiorako. 17:00etan txokolate jana egin eta kalez kale abiatuko dira 19:00etan Okendon hartza erre aurretik.
Euria egingo balu, ekintzak Okendoko karpan bertan egingo dira.
2015eko Inauterien egitaraua
Lasarte-Oria ipuinetako eta komikietako pertsonaiez beteko da asteburuan. Honako egitaraua dago prestatuta herritarrek jaiez goza dezaten. Adin guztietako jendearentzako moduko ekintzak dira 2015eko Inauterietakoak:
Otsailak 13, ostirala
-15:30 Inauteri-festa eskoletan. Musika-festa Sasoetan, eta ondoren txokolate-jana.
-15:30 Euskal Inauteria Garaikoetxean.
Otsailak 14, larunbata
-12:00 Parte-hartzaileen elkartzea eta Lasarte-Oriako konpartsen aurkezpena Okendo Plazan, Kalean txarangak girotuta. Gainera, sagardo barrikote-pintxoa izango da plazan bertan, mozorroturik agertzen diren herritar guztientzat. Tekila konpartsak egingo du Inauterien irekiera ekitaldia.
-12:30 pintxo-poteoa herriko tabernetan, Kalean txarangak girotuta.
-14:00 Konpartsa lehiaketa eta irabazleari sari banaketa.
-14:00 Urteroko gazte bazkaria Sollane sagardotegian.
-14:30 Bazkari herrikoia Okendo Plazako karpan.
** Bakoitzak bere bazkaria eraman behar du. Euria egingo balu bazkaria Michelingo frontoian.
-15:45 Bingoari hasiera 'Hemendik At' koreografiarekin Gazteklubaren eskutik, Okendoko karpan. Ostean, Super Bingoa.
-16:30 Konpartsen elkartzea Okendo Plazan, eta desfilean hasi baino lehen, txokolate banaketa konpartseroen artean.
-17:00 Desfilea, honako konpartsa hauek parte hartuko dutelarik: Zentro Zibikoa, Zabaleta, Tekila, Naste Borraste, Larramendi, Jalgune, Ttakun, Intzak Parrandan, eta Zakili Beldur. Ibilbidea Okendo Plazan hasiko da eta herriko kale eta auzoetan barrena ibiliko da, konpartsa lehiaketa irabazi duen taldeak gidatuta. Berrikuntza gisa, aurten batez ere Sasoeta inguruak alaitzea erabaki dute konpartsek. Desfile koloretsu eta umoretsua Okendo Plazan bukatuko da arratsaldeko 19:00ak aldera.
-19:00 Elektrotxaranga Ohenian herriko kaleetan zehar ibiliko da umorea eta giro ona jartzen gaueko 21:00ak arte, afaldu aurreko poteoan laguntzeko.
-23:00 Makro diskoteka Okendoko karpan goizaldeko 03:00rak arte.
Otsailak 15, igandea
-12:00 Euskal Inauteriak konpartsak hainbat ekintza burutuko ditu Okendo Plazan: herriko elkarteen eta norbanakoen konbokatoria, dantza eta kantu erakustaldia elkarte eta herritarrekin batera eta sagardo eta txorizo dastaketa.
-17:00 Txokolate jana Atsobakarren.
-17:30 Txantxoz jantzitako Euskal Inauterien konpartsa kalez kale abiatuko da: Atsobakar Kalea, Donosti ibilbidea, Kale Nagusia, Ola kaleako errotondaraino, Kale Nagusia, Hipodromo etorbidetik jeitsi eta Okendo Plazan bukatuko dute.
-19:00 Tradizioa, dantza eta kantua uztartuz, elkarte eta herritarrekin batera hartza erreko da Okendo plazan Euskal Inauteriei amaiera emateko.
Ondo pasa!