Udal Musika Eskolaren kontzertu bufoa, Inauteriei hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 12a

Manuel Lekuonako auditorioa ipuin batean bezala ikusi dugu gaur arratsaldean. Gaztetxoen mozorro koloretsuek eta musikak ordubete pasatxoz gozarazi dituzte bildutako entzuleen belarriak. Besteak beste gitarra, trikitixa, zeharkako flauta, pianoa, gitarra elektrikoa, tronpeta, bibolina eta txistua entzuteko aukera izan da.

Autore ezberdinen obrak jo dituzte gainera, Edwin Hawkinsen 'Oh Happy day', Henry Manciniren 'Pantera arrosa', 'Marinelaren zain' herrikoia, 'Piratas del Caribe' pelikularen soinu banda... Denera 20 obra baino gehiago interpretatu dituzte Udal Musika Eskolako gazteek. Oriako Sorgin dantzaren doinuak itxi du kontzertu bufoa, txistulari eta dantzarien laguntzarekin. Bestalde, bihar arratsaldean herriko ikastetxeetako txikitxoek jarraipena emango diete Inauterietako ospakizunei. Landaberrin 15:30ean bilduko dira, eta ikastetxeko gimnasioan koreografiak egingo dituzte Gepetto eta Pinotxoz, Hamelingo txirulariz, Vicky bikingoz edota Hiru otsoz eta txerrikumez jantzita. Ohi bezala, Garaikoetxean Euskal Inauteriak ospatuko dituzte Miel Otxin eta Ziripotekin batera 15:30etik aurrera. Eguraldi ona lagun, Sasoeta ikastetxean 15:30ean bilduko dira bai Sasoetako bertako eta Zumaburuko txikienak gimnasioan dantzak eta koreografiak egiteko. Txarra eginez gero, zentro bakoitzak bere jaialdia egingo du. Piratak, Lehoi Erregea pelikulako pertsonaiak, Pinotxo, Heidi etab. ikusteko aukera izango da. Ondoren txokolate beroa banatuko du Burunzpe guraso elkarteak, 16:00rak aldera. Giro ona ziur ez dela inon faltako.