Lehenengo solairuan kokatuta dago, kafetegiaren ondoan. Izan ere, igerilekura edo pistara joateko arazoa izaten zuten ezindu fisikoek, beheko solairuan aldatu eta gero igogailua hartu behar izaten baitzuten bainatu edota pistan kirola egiteko. Hemendik aurrera, lehen solairuan bertan izango dute aldagela igerilekura edo pistara zuzenean sartzeko.
"Eskaria handia eta premiazkoa zela ikusita, obra beharrezkotzat ikusi du Udalak. Irisgarritasun arazoak dituzten gazteen gurasoekin jarri gara harremanetan eta haiek eman dizkigute aholkuak ahalik eta espazio txukunena eta erabilterrazena egiteko", adierazi du Taxio Arrizabalaga Kiroletako zinegotziak.
Kafetegiari zatitxo bat kendu zaio aldagela egiteko, baina luzeran irabazi ditu metroak eta erabiltzaileek ez dute aldaketa handirik nabarituko Karlos Altuna Udaleko kirol teknikariaren esanetan. Obraren inbertsioa 55.000 eurokoa izan da.
Bestalde, 2013ko abuztuan igerilekuan elbarrientzat garabi bat jarri zutela adierazi eta kiroldegia irekita dagoen orduetan herritarrek erabil dezaketela gogorarazi dute, piszina handian zein txikian.
Gainera, astearte eta ostiraletan mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat ikastaro bereziak ditu martxan Udal Kiroldegiak. Izena emateko aukera dago plazak amaitu bitartean.