Eguneko gaiei ekin aurretik, Fernando Escoriazak zinegotzi kargua zin egin zuen. Kide berri bat du hortaz Lasarte-Oriako udalbatzarrak; PSE-EEren udal taldean sartu da Escoriaza, Nerea Artamendik urtarrilean utzitako tokia hartuz.
Kargu-hartze ekitaldi xumearen ostean, eguneko gaiak eztabaidatzeari ekin zion udalbatzarrak. Hiru akta onartu zituen lehenbizi: 2014ko irailaren 9an, urriaren 14an eta abenduaren 19an egindako bilkurenak.
'Hondakinen kudeaketari buruz'
Hondakinei buruzkoak izan ziren atzo pleno aretoan eztabaidatuenak izan ziren gaiak. PSE-EEk mozio bat aurkeztu zuen aurrena, 'Hondakinen kudeaketari buruz' izenekoa.
GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hartutako erabakia, Zubietan errauste plantarik ez eraikitzearena, salatu zuen Jesus Zaballos talde sozialistaren bozeramaileak:"Hilabeteko 500.000 euro baino gehiago ordaindu beharko dituzte GHK osatzen duten mankomunitateek, partzuergoak eta Foru Aldundiak hartutako erabakiengatik". GHKri eskatu zion hondakinen kudeaketari dagokionean "egoera berbideratzeko", eta Gipuzkoako Batzar Orokorretako gehiengoak "errespetatzeko".
Irakurri eta azalpenak emateko txanda igaro ostean, bozkatu egin zuten mozioa. Onartua izan zen aldeko 9 bozka (PSE-EE, EAJ eta PP), aurkako 5 (EH Bildu) eta 3 abstentziorekin (LOHP eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri).
EAJk mozioan esandako guztia berretsi zuen, Estitxu Alkorta bozeramaileak jakinarazi zuenez. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundia kritikatu zuen: "Ez da egia errauste plantaren proiektuaren hasierako kostua 500 milioi eurokoa zela, herritarrak engainatzeko trikimailu bat da hori. 221 milioitan itxi zen proiektua aurreko legegintzaldian. EH Bildu agintean sartu zenetik ordea, 140 milioi bota dira zakarrontzira, SWAP delakoak ordaintzen, enpresei kalte-ordainak ematen...orain eraiki nahi dituzten azpiegitura berrien kostua aintzat hartu gabe".
EH Bilduk Nerea Sanchez zinegotziaren bitartez azaldu zituen mozioaren aurka bozkatzearen arrazoiak. "Gogora ekarri nahi dut aurreko legegintzaldiaren amaieran GHK-ko arduradun ziren Carlos Ormazabalek (EAJ) eta Denis Itxasok (PSE-EE) korrika eta presaka lotu zutela errauste plantaren proiektua, baita finantzazioa ere, La Caixak eta Banestok jarritako baldintzak bai ala bai onartuta. GHK-ko arduradun eta teknikariek bazekiten ordea gaindimentsionatua zegoela egitasmo hori, gero epaitegietan onartu zuten moduan. Hori bai ardura politikoa. Ezin dugu onartu etorkizuna hipotekatuko digun azpiegitura faraonikorik; diru publikoa zaindu egin behar dugu, ez xahutu".
Horren ostean, Jesus Zaballosek hartu zuen hitza eta Antxisu eta Orian egin beharreko lanei buruzko mozioa ekarri zuen gogora: "Urtarrilean EH Bilduk esan zigun ea nola ausar gintezkeen 6 milioi euroko inbertsio bat eskatzera Gipuzkoako Foru Aldundiari lan horiek egiteko, eta orain 68 milioi xahutzen ari da GHK errauste planta ez eraikitzeagatik".
Erregistro zibilen pribatizazioa
Hondakinen gaia utzi (EH Bilduren mozioarekin berrartu zuten gero, 5. puntuan) eta Erregistro Zibilen pribatizazioari buruzko mozio bat hartu zuen hizpide udalbatzarrak. Bake Epaitegiko langileek aurkeztu zuten, eta babesa eman zion Bozeramaileen Batzordeak, mozioa pleno aretoan aurkeztu ahal izateko.
PPren gobernuak "esku pribatuetan" utzi nahi ditu Erregistro zibilak, langileek mozioan nabarmendu zutenez. Horrek ekar ditzakeen ondorioak aipatu zituzten mozioan: "3.500 lanpostu publiko galduko dira, Bake epaitegiak desagertuko dira zereginik ez baitute edukiko, zerbitzuen truke tasak ezarriko dira, datu baseak ez dira seguruak izango langileek bertan sartzeko aukera izango dutelako eta herritarrei mugatu egingo zaie euren historia pertsonala kontsultatu eta ezagutzeko sarbidea".
Pleno aretoak ia aho batez onartu zuen mozio hori: 16 izan ziren aldeko bozkak eta bakarra aurkakoa (PP).
Mendebaldeko Sahara
Babes ia erabatekoa jaso zuen baita ere 'Euskal Herriko lagunak mendebaldeko Saharakoekin bat' taldeak aurkeztutako mozioak. 13 izan ziren aldeko bozkak; beste lauak, abstentzioak.
"Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan" gertatzen diren "etengabeko giza eskubideen aurkako erasoak" salatu eta hainbat eskaera egin zizkion taldeak udalbatzarrari: eskubide horien "urraketak" gaitzestea, Hassana Aalia ekintzailearen asilo eskaera "onartu eta berrestea", Sahararrei eta pertsona guztiei dagokien "mugimendu askatasuna" errespetatzea, 2.600 kilometroko "lotsaren harresia eraistea" eta Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 39. urteurrena dela kausa, Mendebaldeko Saharako bandera udaletxean zintzilikatzea, besteak beste.
Galdera eta erreguen txandan, taldeko kide Tomas Arrutik eskerrak eman zizkion udalbatzarrari mozioa babesteagatik, eta prestatzen ari diren ekitaldietara gonbidatu zituen alderdi politiko guztiak. Prentsaurrekoa emango dute ostiral honetan Villa Mirentxun, 18:30ean. Otsailaren 27an berriz, udaletxe aurrean elkarretaratzea antolatu dute, 'Maroko Saharatik at, independentzia Mendebaldeko Sahararentzat" lelopean. 19:30ean hasiko da.
'Erraustegirik ez, organikoen birziklapena orain'
Bosgarren puntua izan zen EH Bilduk aurkeztutako mozioa, 'Erraustegirik ez, organikoen birziklapena orain'. Mozio horri osoko zuzenketa egin zion EAJk; bi testuak irakurri eta eztabaidatu ziren atzo.
Nerea Sanchez zinegotziak azaldu zuen EH Bilduk mozioan planteatutakoa. Herrian ezartzekoa den 5. edukiontzia izan zuen hizpide: "Lau urteotan ikusitako kudeaketa txarrak eta 5. edukiontzia ezartzeko patxadak argi adierazten du EAJk eta PSE-EEk materia organikoaren bilketan ez dutela ezer aurreratu nahi. Kritikoak izan gara gu sistema horrekin, baina uste dugu hobe dela hori ezartzea ezer ez egitea baino, baldin eta Europak jarritako baldintzak betetzen badira: %60ko gutxieneko birziklatze-tasa 2016rako".
EH Bilduk exijitu zuen "errauste plantari ateak itxi eta birziklatze tasa altuagoak" lortzeko 5. edukiontzia lehenbailehen ezartzea, "herritarron osotasuna eta ongizatea kolokan jartzen duten erabakiak" alde batera utziz.
EAJko Estitxu Alkortaren txanda izan zen horren ostean. "EH Bilduk errausketari ateak itxi nahi dizkio datuetan-eta trikimailuak eginez. Materia bizigabea, lohiak eta beste hainbat hondakin ez dituzte aintzat hartzen, ez dute esaten zer egingo duten konpostarekin. Guk ez dugu nahi zabortegi berririk eraikitzerik, argi daukagu: nahiago dugu errausketa zabortegiak baino. Beraiek ez dute argitzen zer nahi duten".
Alkortak zehaztu zuen Europa erdialdeko zenbait herrialde direla jarraitu beharreko ereduak: "Alemaniak hondakinen %65 birziklatzen du, eta gainontzeko %35 erraustu.Hori da gure ustez jarraitu beharreko bidea, eta PIGRUG plana Europako eredu horietan oinarrituta egin zen". Horrez gain, azpimarratu zuen hainbat osasun erakundek baieztatzen dutela errauste plantak ez direla "osasunarentzat arriskutsuak", baldin eta "dagozkion filtro eta neurriak" hartzen badira.
Nerea Sanchezek horri erantzun eta Gorka Bueno irakasleak Bizkaiko Zabalgarbiri buruz egindako datu batzuk eman zituen: "Bizkaiko Zabalgarbik 132 egunetan ez zuen elektrizitate salmentarik egin; hondakin guztiek ez dute balorazio energetikoa jasotzen planta horretan. Bestalde, lixibiatuak eta metal astunak aurkitu izan dira inguruko uretan".
Bozketa egin zuten azalpen eta argudioak eman ostean. EAJren osoko zuzenketa izan zen onartua, aldeko 9 bozka (PSE-EE, EAJ eta PP), 7 aurkako (EH Bildu, LOHP) eta abstentzio batekin (Marisa Zubiri). EH Bilduren mozioa bertan behera geratu zen.
Galderak eta erreguak
Galdera eta erreguen txandan Jesus Zaballosek hainbat galdera egin zizkion Udal Gobernuari. Bereziki nabarmentzekoa izan zen Ana Urchueguia alkate ohiari jarri beharreko kereilari buruzkoa. Pablo Barrio alkateak erantzun zuen kereila jarrita dagoela jada.
Zinegotziek amaitu eta gero, herritarrek euren kexa eta eskaerak plazaratzeko aukera izan zuten. Galdera horiek guztiek erantzunak jaso zituzten udal ordezkarien partetik.