Hasi dira itsaspeko zinema saioak Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 10a

Danok Kidek antolatutako itsaspeko zinema saioei hasiera eman zitzaien astelehenean 'Erraldoien gaua', 'Malkoak itsasoan', 'Algodre' eta 'Bali' film laburrekin. Irudi ikusgarriez gozatzeko aukera izan zuten kultur etxera hurbildu ziren dozenaka lagunek, proiektore digitalaren kalitate handiak lagunduta.

Datorren astelehenean, otsailaren 16an, 'Bidaia Itsasora II' eta Leandro Blancoren 'Oparia' ikusiko dira, David Sanchez Carretero herritarraren bost minutuko lantxoarekin batera. Real Sociedad klubeko itsaspeko atalak umeekin egiten duen lana islatu du lasarteoriatarrak lan horretan.