Partaideak goizeko 11:00etan bildu ziren, eta ordurako udaletxeko brigadak guztia prestatuta zuen herritarrak eta batez ere txikienak lurreko jokoak nahiz etorkizunean egindako lanaren adierazle izango den enborra margotzeko.
2013an hasi zen herritarren parte-hartze ekimena iritsi da amaierara. Hirigintza antolaketan bizilagunek parte-hartze aktiboa izan dute Tximistarretan eta dagoeneko asko dira parkean egunero jolasten diren haurrak.
Parkea pixkanaka osatu da; zelaia, bankuak, zuhaitzak, haur jolasak eta azkenik azpialdean, eliz atzeko estalpean, 2013an ateratako diseinuari bukaera emanaz, haur jolas berriak margotu ziren larunbat honetan.
Gainera, hemendik aurrera goiko parkean egongo den enbor batean beraien esku markak jartzeko aukera izan zuten parte hartzaile guztiek. Horrela, lanean aritu diren talde eta norbanako guztiek, beraien sinadura jarri ahal izango dute Tximistarretan.
Honako hauek dira Tximistarreta parkearen parte-hartze prozesu irekian lanean jardun dutenak: Bertako bizilagunak, Jubilatuen etxeko ordezkariak, Gaztelekuan ibiltzen diren gazteak, Sasoeta-Zumaburuko ikasleak, Sasoeta-Zumaburuko guraso elkarteko guraso eta haurrak, Andrejoakinako Haur Eskolako haurrak, Jalgune elkarteko kideak eta Ingurumenaren arloan ibiltzen diren elkarte ezberdinak.
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie prozesuan parte-hartu duten guztiei.