PSE-EEk Pintore, Nagusia, Juan de Garai eta Pablo Mutiozabal kaleak asfaltatzeko eskatu dio Udal Gobernuari

Txintxarri Aldizkaria 2015eko otsailaren 6a

Jesus Zaballos bozeramaile sozialistak ohar bidez salatu du Lasarte-Oriako hainbat kaleren berritzea ez dela egin: “Pasa den urteko udal aldizkarian herriko gobernuak argitaratu zuen 2014. urtean hainbat kale asfaltatuko zituela. Zehazki, Pablo Mutiozabal, Kale Nagusia, Pintore Kalea eta Juan de Garai kaleak berritzeaz hitz egiten zuen, 2013an izandako superabita aprobetxatuz. Eta oraindik ez dute ezer egin”

Denbora nahikoa izan dutela iritzita, sozialistek “promes egindakoa asfaltatzea” eskatu diete Bildu, LOHP eta EAJri. “Herritarrei agindutakoa burutzeko eskatzen diegu, urtebete izan dute lanak hasteko eta kaleek egoera tamalgarrian jarraitzen dute. Espero dut udal-gobernua obrak nahita atzeratzen ez aritzea, datozen udal-hauteskundeetan bozkak irabazteko helburuarekin”, adierazi du Zaballosek.